Araban 2017-2017 aldian azpiegitura hidraulikoak egiteko 74 milioi euro

Gonzalez eta Arriola
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 10 julio 2017 12:34

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak esparru akordio bat sinatu dute astelehen honetan, Araban azpiegitura hidraulikoak finantzatzeko eta egiteko 2017tik 2027ra bitartean. Esparru akordioan jasotako jarduerak egiteko aurrekontu aurreikuspena 74 milioi eurokoa da. URA Uraren Euskal Agentziak 50 milioi euro jarriko ditu, eta Arabako Aldundiak gainontzeko 24 milioi euroak.

Esparru akordioaren helburua da lurraldeko azpiegitura hidraulikoen arloan bi erakundeek dituzten konpromisoak berriz aztertzea eta eguneratzea, indarrean dagoen araudia eta plangintza hidrologikoa jarraituz, datozen ekitaldietarako erabilgarritasun ekonomiko errealista baten balioespenean oinarrituta.

Bi erakundeek hitzematen dute batera eta era koordinatuan egingo dituztela Araban uren egoera ekologikoa hobetzeko eta hornidura eta saneamendu zerbitzuen kalitate bermeak hobetzeko oinarri izango diren obra hidraulikoak.

Akordioak jasotzen dituen lanen artean daude hobekuntzak Goi Baiaren eta Amurrioren horniduran; hondakin uren araztegiak Oionen, Agurainen eta Moreda Araban; lurrak erostea Goi Nerbioiko saneamenduko hondakin uren araztegietarako; Lagrango, Manzanosko eta Gopegi-Ondategiko saneamendua; Legutianoko, Artziniegako eta Dulantziko saneamendua eta arazketa; Iruña Okako eta Gaubeako hodi biltzaileak.

BI ALDI

Aurreikusitako jarduera kopurua eta bi erakundeei ekarriko dieten aurrekontu ahalegina handiak direnez, akordioak jardueren hierarkizazio bat jasotzen du bi alditan (2016-2021 eta 2021-2027). 2016-2021 aldian, inbertsio publikoaren kostu-etekin onuragarriena duten inbertsioak bildu dira, eta, beraz, lehentasunezko jarduerak izango dira, hau da, ingurune urtarraren gaitz esanguratsuenak lehenago eta hobeto zuzenduko dituztenak eta herritarrei hornidura eta saneamendu zerbitzuak berme guztiekin emateko balioko dutenak.

Horrela, zehazki, Arabako Aldundiak agindu du lehen aldian egingo dituela Sobron hornitzeko lanak (biltegia eta Sobrondik Bergondarainoko ur hoditeriak), Amurrioko uren tratamendurako gunera dauden ur bilketarako konexioen bi tarte berri, Gopegi-Ondategiko araztegia, Gesaltza Añana, Tuesta, Villanañe, Uribarri Gaubea eta Olabarri herrietako hodi biltzaileak. Bigarren aldirako (2022-2027), berriz, Billodako eta Trespondeko hodi biltzaileak eta Dulantziko saneamendu eta arazketarako irtenbidea utziko dira.

Uraren Euskal Agintziari dagokionez, aurreikusi da 2021era bitarteko lehenengo aldian jarduera hauei ekitea: Sobrongo hornidura hobetzea, Oiongo, Aguraingo eta Moreda Arabako hondakin uren araztegiak, eta lurrak erostea Goi Nerbioiko saneamendurako, Amurrioko eta Laudioko araztegiak kokatzeko. Bigarren fasean Goi Baiaren horniduraren hobekuntza, Manzanosko eta Lagrango saneamendua, eta Legutioko eta Artziniegako hondakin uren saneamendua eta arazketa egingo dira.

Esparru akordioan jasotako jarduera bakoitzerako akordio berezi bat egingo da, erakunde bakoitzaren zereginak eta jarduera horiek egiteko hartu dituzten konpromisoak zehaztuz.

Oro har, esparru akordioan jasotako jarduketak egiteko aurrekontu aurreikuspena 74 milioi eurokoa da. Horietatik Uraren Euskal Agentziak 50 milioi agindu ditu, eta Arabako Aldundiak 24 milioi. Lehenengo faseko obra eta egokitzapenetarako 31 milioi euroko aurrekontua dago (18 URAri dagozkio eta 13 Arabako Foru Aldundiari), eta bigarren aldirako (2021-2017) 43 milioi gorde dira (32 URAri dagozkio eta 11 Arabako Foru Aldundiari).