Araban bizikletaz egiteko 15 ibilbide batu ditu Aldundiak argitalpen batean

Actualizado: miércoles, 7 diciembre 2016 13:07

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak 15 bizikleta ibilbide proposatu ditu lurraldeko ibilbide berdeen sarean, eguneratuta berriro kaleratu den argitalpen batean. "Bizikleta ibilaldiak Arabako ibilbide berdeen sarean zehar" du izenburua argitalpenak, eta lurraldean zehar 15 ibilbide hautatu ditu, argazki, fitxa tekniko, mapa eta profilez hornituak, bai eta datu bitxiez eta natura, kultura eta aisia intereseko datuez ere.

Ibiltari eta txirrindulariei ibilbideen prestaketa errazteko eta haren ezaugarriak zehazki emateko helburua dauka gidak, "kilometroz kilometro, duten zailtasuna eta zeharkatzen dituzten herri eta naturaguneen intereseko datuekin", Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak adierazi duenez.

Gida euskaraz eta gaztelaniaz dago, David Quintas argazkilariak egin du, eta Arabako udal eta foru liburutegietan eta liburu dendetan eskuragarri dago. Argitalpen berrian ibilbide berdeen berritasunak txertatu dira, hala nola Vasco-Navarro ibilbide berdeko zati berriak, Antoñana eta Olaranbetik igarotzean, aurten bertan abiarazi direnak. Era berean, Nerbioiko parke linealeko ibilbide osoa jasotzen du, Amurrio eta Laudio lotzen dituena.

Galerak adierazi duenez, gida hau "Olentzerorako opari on bat izan daiteke kirolaren eta naturaren maitaleentzat", eta arabarrak eta bisitariak animatu ditu oraindik ezagutzen ez dituzten ibilbideak egitera. Gogora ekarri du, orobat, argitalpenerako hautatu diren 15 ibilbideek egiten dituztenei aukera emango dietela "Araba iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera gozatzeko, haren paisaiak eta natura aberastasuna ezagutzeko, Izkitik Valderejora edo Gorbeiara, Arabako Mendialdetik edo Guardiako aintziretatik igaroz, ahaztu gabe Gasteizko eraztun berdea edo Okinako arroila, adibide batzuk aipatzearren".

Izan ere, gida honetako proposamenek parke naturalak, Natura 2000 Sareko guneak, paisaia berezi eta apartak, hezeguneak eta kontserbazio bereziko eremuak (KBE) zeharkatzen dituzte. Arabako azaleraren %28 babestuta dago ingurumenaren aldetik.