Aramak, Berastegik eta Itsasondok udaletxe berriak izango dituzte Landagipuzkoa 32 programari esker

Actualizado: miércoles, 8 junio 2011 13:07

DONOSTIA, 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Arama, Berastegi eta Itsasondoko azpiegitura balioanizdunak eraikitzeko inbertsioak onartu ditu, eta horrela, hiru udalerriek udaletxe berriak izango dituzte. Inbertsio horiek Landagipuzkoa32 programan daude aurreikusita.

Egitasmoarekin hasi zenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 11.710.668 euro inbertitu ditu Landagipuzkoa 32 programaren barruan, balio anitzeko azpiegituretarako udal inbertsioen planetan, eta dagoeneko 38 proiektu finantzatu dira.

Landagipuzkoa 32 programa landa-ingurunearen aurrerapena bultzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen apustu estrategikoaren baitan dago, eta sail guztien oniritzia du, guztiei dagozkien ekimenak baititu bere baitan, hala nola bideak egokitzea, ur-hartuneak prestatzea, era askotako azpiegiturak egitea (hezkuntzakoak, sozialak, osasunekoak, kulturalak, kirolekoak), berrikuntza, enplegua, prestakuntza eta abar.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalen arteko lankidetzak ez du alderdi ekonomikoa bakarrik hartzen, laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa ere hartzen baititu. Ildo horretan, Etorlur Gipuzkoako Lurra erakundeari enkargatu zaio banan-banan udal onuradun guztien inbertsio planak prestatzea eta haietan aurreikusitako inbertsioak gauzatzea.

Hautatutako inbertsioen artean Aramako Udalaren "Udaletxe berria eta erabilera anitzeko zentroa" dago. Lan hauek gauzatzeko aurrekontua 1.200.00 eurokoa da, eta horietatik Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euro jarriko ditu Landagipuzkoa 32 programa bidez.

Halaber, Berastegin "Udaletxe eta plazaren berriztapena" egitea aurrekusi du Landagipuzkoa 32 programak. Proiektuaren inbertsioa 1.724.000 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emango duen diru-laguntza, 800.000 eurokoa.

Itsasondon ere udaletxearen berritzeari ekingo diote Landagipuzkoa 32 egitasmoak lagunduta. Guztira, proiektu honetan 544.000 euro inbertituko dira eta hauetatik 450.00 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarrito ditu.