Arcade Fire Bilbao BBK Live jaialdian izango da

Arcade Fire
LAST TOUR
Actualizado: martes, 26 enero 2016 10:07

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Arcade Fire taldeak Foals eta Pixies bandekin bat egingo du Bilbao BBK Live jaialdiko talde buru gisa, Kanadako taldea Bilboko jaialdian izango baita uztailaren 7an, 8an eta 9an, Kobetamendin. Bilbokoa izango da udan Europan eskainiko dituzten bi kontzertuetako bat, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

   Montrealeko bandak oso denbora laburrean bereganatu zituen publikoa eta kritika, pop ilun eta barrokoaren eta dance-rock estiloaren arteko eskaintza pertsonalari esker, eta instrumentuen erakusketa bikaina eskainiz. Izan ere, taldeko kide guztiek hainbat musika tresna jotzen dituzte eta, hori dela eta, ikuskizunetan mota askotako instrumentuak dituzte, hala nola bateriak, pianoak, biolinak, biolontxeloak, akordeoiak eta beste asko. Horiei esker "kontzertuak esperientzia berdingabeak izan ohi dira".

   Arcade Fire garai honetako talderik onenetako bat dela diote askok, eta, batik bat, zuzeneko emanaldien oihartzunagatik gertatu da hori. 'Daily Telegraph' egunkariak, besteak beste, "agertokiaren gainean munduko bandarik onena" direla adierazi zuen.

   Taldearen laugarren diskoa "Reflektor" da eta 2013an kaleratu zen. Erresuma Batuko eta AEBetako zerrenda ofizialetan lehenengo postua lortu zuen eta, horrez gain, iTunes zerrendako burua izan zen 40 herrialdetan. "Funeral" (2004) lehen diskoak eragin handia izan zuen, eta kritikak luze txalotu zuen. Bestalde, taldea hamarkadako albumen zerrendetan jaso zuten 'Pitchfork', 'Guardian', 'Mojo' eta 'Rolling Stone' aldizkariek.

   "Neon Bible" bigarren diskoa (2007) Erresuma Batuan bigarren tokian jarri zen, baita Billboard Hot 100 zerrendan ere. Grammy sarietan, disko alternatiborik onenaren sarira izendatu zituzten bi diskoak, kaleratu eta gero. 2011ean, Urteko Diskoa saria irabazi zuen Grammy sarietan "The Suburbs" (2010) hirugarren diskoarekin. Hori guztia 2011ko Brit Awards lehiaketan Nazioarteko Talderik Onena eta Nazioarteko Album Onena sariak jaso baino lehen gertatu zen.