Arrantza eta akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko 7,4 milioi emango ditu Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 8 marzo 2011 17:57

GASTEIZ, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak arrantza eta akuikulturatik eratortzen diren produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzatan 2011n guztira 7.494.177 euro bideratzea onartu du gaurko bilkuran, Europako Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak finantzatzen duten Lehiatu-Arrantza Programaren bitartez.

Horrela, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduarekin, arrantzaren arloko eraldaketa eta merkaturatze sektorean balio erantsia sortzea lehenesteko eta gaiak eragiten dien geografia-eremuen dinamika sozio-ekonomikoa indartzeko laguntza horien deialdia egiten da. Laguntza horien helburua da, halaber, arrantzaren arloko EAEko eraldaketa eta merkaturatze industriaren lehiakortasuna indartzea.

Agindu horrek arautzen dituen diru-laguntzen xedeak dira lan-baldintzen hobekuntza sustatzea; higiene-baldintzak eta osasun publikoarenak edo produktuen kalitatea hobetzea eta segimendua egitea; oso berezituak diren merkatuetarako kalitate handiko produktuak lortzea; eta ingurumeneko eragin negatiboa murriztea.

Beste helburu batzuen artean daude gutxi aprobetxatzen diren espezieak, azpiproduktuak eta hondakinak hobeto erabiltzea bultzatzea; produktu berriak ekoiztea eta merkaturatzea; teknologia berriak aplikatzea; ekoizteko metodo berritzaileak garatzea; edo funtsean tokiko lehorreratzetik eta akuikulturatik ateratzen diren produktuak merkaturatzea.