Arrazakeriaren aurkako Martxak errefuxiatuentzako asilo eskubidea eta benetako harrerak eskatuko ditu Donostian

Martxaren aurkezpena Donostian
MEDICUS MUNDI
Actualizado: martes, 14 marzo 2017 13:53

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako XXI. Martxak Trintxerpeko azokatik Donostiako Bulebarrera arteko ibilbidea egingo du igandean, martxoaren 19an, SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako Medicus Mundik eta Euskadiko GKEen Koordinakundeak antolatuta, eta errefuxiatuentzako asilo eskubidea eta benetako harrera eskubidea aldarrikatuko ditu beste behin.

Martxak Gipuzkoako 57 antolakunderen babesa jaso du, eta zortzigarrenez, Usandizaga BHIko Publizitate Grafikoko ikasleek ere parte hartu dute, batetik, komunikazio kanpaina eginez, eta bestetik, astearte honetan egindako aurkezpenaren aurretik antzeztu duten kale ekintza sortzen eta eszenaratzen.

Ekimenaren arduradunek Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako prentsaurrekoan azaldu dute aurtengo goiburua "Irtenbideak: asilo eskubide eta harrera benetakoak. Soluzioaren parte zara" dela. Horrela, martxak bigarren urtez aldarrikatuko du errefuxiatuentzako asilo eta benetako harrera eskubidea, eta hala egingo du, "tamalez, iaz iragarritakoa betetzen ari delako, alegia Europako Batasuna osatzen duten Estatuek ez badute asilo politikaren sakoneko norabidea aldatzen, hildakoak mugetan pilatuko zaizkigu".

"Eta milaka pertsona ataka gaiztoan aurkituko dira, kanpaleku eskas ornitutakoetan, agintarien aldetiko arretarik gabe, Europako Batasunean bertan hotzak eta gose", ohartarazi dute.

Agerraldian esan dutenez, Migrazioen Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, 2016an 5.082 pertsona hil ziren Europako Batasunera iritsi nahian Mediterraneoko zeharkaldietan barrena. 2015ean 3.777 hil ziren, 2014an baino 2.000 gehiago. "Jakina zen funtsezko aldaketarik gabe 2016. urtea hilgarria izango zela, eta halaxe gertatu da", salatu dute agiriarekin bat egin duten 57 antolakundeek.

Heriotzez gain, antolakundeek atsekabea agertu dute Europako Batasunak ez duelako bete errefuxiatuak bere herrialdeetan kokatzeko adostutakoa. "Eta darabiltzen martxan, ezinezkoa dirudi hemendik 2017. urtearen amaierara horrelakorik lortzea", gaineratu dute.

ESPAINIA

Bestalde, salatu dute Espainia dela Europako Batasuneko herrialdeen artetik asilo eskatzaile gutxien hartzen duena. 2015ean zehar 1.265.000 asilo aurre eskaera egin ziren Europar Batasunean, haietatik 14.600 Espainian (%1,1). Suediak 16.000 errefuxiatu hartu zituen milioi bat biztanleko, eta Espainiak 314.

Martxaren deitzaileen ustez, Europako Batasunak badu aski baliabide tekniko eta material orain arte hartutako errefuxiatu kopurua baino gehiago hartzeko eta modu hobean artatzeko. "Beste garai batzuetan egin zuen, eta orain ere ahalko luke. Baina horretarako bestelako politikak behar dira", adierazi dute.

Gauzak horrela, dei egin diete gipuzkoarrei igandean Trintxerpetik Donostiara egingo den martxan parte hartzera, eta 57 antolakunde sinatzaileekin batera eskatu ditzatela errefuxiatuentzako asilo eskubidea eta benetako harrerak.