Arrigorriagako XVI. Nazioarteko Pailazo Jaialdiak 20 bat taldearen pataidetza izango du

BILBO, 21 Abr. (EUROPA PRESS) -

Arrigorriagako (Bizkaia) Nazioarteko Pailazo Jaialdiaren 16. edizioa maiatzaren 5etik 8ra bitartean ospatuko da, eta 20 talde ingururen parte-hartzea izango du. Bost talde Euskal Herrikoak dira, eta lau ikuskizun aurreneko aldiz izango dira ikusgai Euskal Herrian, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Ohiko zirku, antzerki eta pailazoen ekitaldiez gain, jaialdiak ikastaro bat eskainiko du astebete lehenago, apirilaren 29tik maiatzaren 1a arte, Johnny Melville-k gidatua. Herbereetan egonkortu den eskarmentu handiko artista eskoziarra da Melville, munduko pailazorik bikainetakoa. 15 urte baino ez zituela sartu zen lehenengoz Edinburgoko Royal High School-eko egoitzan, eta 1973a geroztik munduko 30 herrialde ingurutan antzeztu ditu ikuskizunak, goraipamen eta sari ugariz betetako ibilbide luzea osatuz.

Kritikaren esanetan, pailazo eskoziarrak sekulako erraztasuna erakusten du ikus-entzuleekin bat egin eta kontatzen dituen istorioetan publikoa murgilarazteko, dantza, akrobazia edo kantua bapatekotasunez erabiliz.

Melville-k gidatuko duen ikastaro trinkoak "Performance dinamics" du izenburua. Bertan parte hartzeko inscripciones@aireaire.com helbidean izena eman beharra dago eta ikastaroak 120 euro balio ditu. Profesional zein hasiberrientzat pentsatua, tailerrean mimoa, akrobaziak eta inprobisazioa landuko dira; Aikido, Tai Chi edo "Tximuaren mugimendua" erlajazio eta gorputzaren disziplinarako ariketa legez erabilita antzezlearen agilitatera heltzeko.

Gainera, antzerki-jolas eta ariketekin eta gorputz eta emozio formen bitartez karaktere eraikuntza landuko da, "group sensitivity-traing" delako teknikarekin. Ikastaroa antzezle, kantari, dantzari, akrobata eta pailazoei zuzenduta dago, profesionalak zein zaleak baino ez izan.

Halaber, maiatzaren 4an Ivan Prado hizlari izango duen solasaldia izango da. Prado galiziarra Payasos en Rebeldía taldeko kidea eta Galizan orain hamarkada batetik hona burutzen den Festiclown jaialdiko zuzendaria da. Iaz Ramallah inguruan antzeko jaialdi bat prestatzeko asmoz Palestinara jo eta Israelek kanporatua izan zen galiziarra, eta Arrigorriagan orduan izandako bizipenen berri emango du, kaleko pailazo ekitaldi bat jokatzearekin batera. Aparte, eta aukera baliatuz, argazki erakusketa bat ere paratuko du herriko erakusgelan.