Arte eszenikoen "Zirkuitua" ekimenak bihar hasiko du hamargarren edizioa Bilbon

Actualizado: miércoles, 2 febrero 2011 11:06

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak arte eszenikoen alorrean tokiko taldeen jarduera bultzatu nahi duen "Zirkuitua" izeneko ekimenak bihar hasiko du bere hamargarren edizioko lehenengo fasea, apirilaren 14ra arte luzatuko den egitarauarekin, antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Guztira, datozen hiru hilabeteetan, tokiko konpainiek zortzi antzerki eta dantza garaikideko ikuskizun eszenaratuko dituzte, Otxarkoagako, Begoñako, Abando-Barrainkuako eta Altamirako udaltegietan, Iturrigorri-Peñaskal eta Zurbaranbarri ikastetxe publikoetan, Solokoetxeko institutuan eta aurten eszenatoki gisa programan sartzen den Bilboko Artelan Berreginen Museoan.

Egitasmoaren hamargarren edizioaren hasieran taulara igoko diren konpainiei dagokienez, zerrenda horretan daude Dakumene Teatro y Danza, Luna Llena, Gilkitxaro Antzerki Taldea, Nidursan Teatro, Khea Ziater, Tearto Teatro, Nexo Teatro eta Tandem Teatro taldeak. Konpainia horietako batzuek programaren aurreko edizioetan ere hartu izan dute parte, eta euren proposamen eszenikoen kalitatea dela-eta, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiko azken edizioan ere hartu izan dute parte.

Egitaraua bihar hasiko da, Bilboko Artelan Berreginen Museoan. Bertan, Dakumene Teatro konpainiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Zuzendaritzak gorako bidean doazen koreografoei begira bultzatu duen "Dantzan Bilaka" programaren parte izan den "Raices" dantza ikuskizuna aurkeztuko du.

Gainera, otsailean, antzerkia Otxarkoagara eta Begoñara ere helduko da, Luna Llena eta Gilkitxaro Antzerki Taldea konpainiekin; "¿Habéis visto mi grito?" eta "8 begi" lanak aurkeztuko dituzte, otsailaren 10ean eta 23an, hurrenez hurren. Hilabete honetako programazioa, Nidursan Teatro konpainiak otsailaren 16an Iturrigorri Ikastetxe Publikoan eskainiko duen "Fugadas" lanarekin osatuko da.

Komedia, dantza garaikidea, maitasuna eta maitasunik eza erakusten duten istorioak, ideien antzerkia, bizitzeko desioaz hitz egiten duten antzezlanak edo absurduaren antzerkia izango dira hiruhileko honetan Bilboko zenbait auzotan eskainiko diren lanen formari eta tematikari zein programan parte hartzen duten ikus-entzuleei dagokienez. Programazioaren barruan, BADen azken edizioan estreinatu zen Khea Ziater konpainiaren "Gloriaren kantua" antzezlanaren euskarazko estreinaldia azpimarratu behar da (martxoaren 10ean).

Izan ere, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatutako "Zirkuitua" programak aukera eskaintzen die sortzaile eta antzerki eta dantza talde berriei euren lanak eszenaratzeko eta jende aurrean aurkezteko. Halaber, Bilbon sortutako proposamen eguneratuenak eta freskoenak zenbait barrutitan ikusteko ekimen ezin hobea da. Hasiera-hasieratik, ekimen horrek arrakasta handia lortu izan du, urtero-urtero jarduera honetan parte hartzen duten ikus-entzuleen artean.

BALANTZEA

2002an programa martxan jarri zenean, Begoña, San Frantzisko, Abando eta Errekalde auzoetara baino ez zen heltzen. Denborarekin, egitaraua Zurbaranbarrira, Otxarkoagara, Peñaskalera eta Altamirara zabaldu da. Auzo horietako askok urte osoan jasotzen duten arte eszenikoen eskaintza bakarra da.

Lehenengo edizio osoak izan zituen 16 funtzio haiekin alderatuz, aurtengo edizioak 15 ikuskizun ditu lehen hiruhilekorako. Ekimen horren hasieran parte hartu zuten konpainien artean, ondoren profesional bilakatu ziren zenbait artista, konpainia eta proiektu daude, besteak beste, Gaitzerdi Teatro, Antzerkila Imajinarioa edo Itziar Lazkano.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntza ere baduen "Zirkuitua" programa genero horretako ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Hiriko antzerki taldeei euren lanak aurkezteko aukera eskaintzeaz gain, programa honek Bilboren kultura-eskaintza deszentralizatzen ere laguntzen du, izan ere, Bilboko hainbat barrutitan eskaintzen baita urte osoan.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizitatea eskaintzen die konpainiei, eta baita konpentsazio ekonomiko bat ere. Programazioan formatu txikiko lanak eskainiko dira, gaztelaniaz eta euskaraz. Aurreko edizioetan bezala, emanaldiak otsaileko, martxoko eta apirileko asteazkenetan edo ostegunetan eskainiko dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta sarrera librea izango da.