Arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenek hitzordua dute Aulestin (Bizkaia) apirilaren 24tik 30era bitartean

Aulestiko Topaketak Aurkeztu Dituzte Bilbon
ADEL
Actualizado: martes, 19 abril 2011 19:55

BILBO, 19 Abr. (EUROPA PRESS) -

Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenentzat Aulestin (Bizkaia) egin ohi duen topaketa apirilaren 24tik 30era bitartean egingo da aurten, bere seigarren urtean. Aulestiko topaketa, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizale guztientzako urtero zabaltzen den gunea da. Profesional zein ikasleentzako bideratuta dago aurtengo edizioa, beti ere Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenon arteko eztabaidak eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin.

2006. urtean laborategi gisa jaiotako topagune honek, euskal herrietan eta euskara mugarri, aspaldi lanean dabiltzan aktore, ikerlari eta sortzaileak izango ditu irakasle eta solaskide moduan: Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Iñake Irastorza.

Jardunaldien aurkezpenean, Ander Lipus antzerkigileak "ekimen xume baina espirituarentzat garrantzitsutzat" jo ditu topaketak, eta Aulesti herriari eskerrak eman dizkio, agertzen duen eskuzabaltasunagatik. Bere ustez, "euskara hutsez zaila da antzerkia jorratu, eskolak hartu zein ematea, hau da, prestakuntza garatzea, eta Aulestiko Topaketek bide bat zabaldu dute horretan".

Eskolak ematen denak gizonezkoak izan ziren iaz, eta aurten denak emakumeak izango dira. Aurten dagoeneko 12 ikaslek emana dute izena -hemen ere emakumeak nagusi dira eta gizonezkoen kopurua bikoizten dute-, eta azken ordukoren bat ere onartuko luketen arren, "oso kopuru polita da lanerako", esan dute antolatzaileek. Irakasle lanetan Iñake Irastorza, Maria Urzelai eta Ainara Gurrutxaga izango dira.

Iñake Irastorzak lehen aldiz hartzen du parte topaketetan. Bere esanetan, "testuaren gainean egingo dugu lan, denbora gutxi izango dugun arren. Bi testu ezberdin aukeratu ditut horretarako, bata antzerki obra da eta bestea ipuin txiki bat; bata absurdua eta bestea errealista".

Ainara Gurrutxagak, bere aldetik, hirugarrenez parte hartuko du topaketetan; bigarrenez arlo pedagogikoan. "Harreman estua sortzen da Aulestin bertaratzen garenon artean, eta modu bikaina da elkarren berri izateko. Eta topaketak euskara hutsez egitea erresistentzia ariketa ere bada", adierazi du.

IKUSKIZUNAK

ADEL topaketaren seigarren edizioan parte hartzen duten profesionalek eskainiko dituzten ikastaroez aparte, Aulestin hainbat emanaldi eta ikuskizun burutuko dira aste osoan zehar. Horrela, apirilaren 25ean, Urki Muguruzak "Munstruoa" antzezlana aurkeztuko du Udal Aretoan, bi aktorek antzeztua.

Apirilaren 26an zineari bidea eman eta Josu Martinez & Txaber Larreategiren "Sagarren denbora" dokumentala botako dute Udal Aretoan. Filmak Kristiane Etxaluz xiberutarraren eta Alfonso Etxegarai bizkaitarraren arteko ezohiko harremana kontatzen du. Etxaluz eta Martinez zuzendariek Aulestin elkar ezagutu zuten, eta bertan abiatu egitasmoa.

Apirilaren 27an, eta Udal Aretoan, Dejabu Panpin Laborategiak estreinatu berri duen "Gure bide galduak" obra antzeztuko da, "Franco hil berritan, Euskal Herriak bizi dituen aldaketa sakonak agertzen dituena".

Halaber, Ander Lipusek adierazi duenez, Aulestin eskolak ematen dituzten irakasleek ohikoa dute beraien lanak eszenaratzea, eta honakoan Ainara Gurrutxaga izango da oholtza gainean.

Apirilaren 28an, Miren Gaztañagak "Stereo" dantza ikuskizuna aurkeztuko du, eta Oier Guillanen "Herio Heroi" antzezlana taularatuko du Metrokoadrokak Udal Aretoan. Hurrengo egunean, apirilaren 29an, eta pilotalekuan, Joseba Aurkenerena eta Peio Chipiren "Iduzkilore" lana izango da ikusgai, Manex Fuchsen gidaritzapean.

Azkenik, apirilaren 30ean bukatuko dira topaketak, eta emanaldiek txanda bikoitza izango dute. Batetik, frontoian, oraintsu Donostian saritu duten "Errautsak" antzezlana izango da ikusgai, Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu-ren eskutik; bestetik, gaztetxean, topaketei jai giroan bukaera emateko, Oreinak taldeak joko du.