Artiumek Juan Perez Agirregoikoa donostiarraren "Uztailak 38 / Urriak 37" erakusketa irekiko du

Juan Perez Agirregoikoaren lanetako bat, Artiumen
ARTIUM
Actualizado: miércoles, 12 abril 2017 12:38

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak Juan Perez Agirregoikoaren "Uztailak 38 / Urriak 37" erakusketa aurkeztuko du irailaren 17ra bitartean, Hegoaldeko Aretoa. Artista donostiarrak orain arte egin duen erakusketarik handiena da, eta inaugurazioa asteazken honetan izango da, arratsaldeko 20:00etan.

Museoaren arduradunek eta artistak berak aurkezpenean azaldu dutenez, erakusketaren izenburuak alegiazko egutegiaren garai bat ekarri nahi du gogora, eta, hartara, "urteurren politikoak erritu zentzugabe samar bihurtzen dira". Erakusketak, batez ere, Agirregoikoak azken urteetan egindako lanak biltzen ditu, bai eta guztiz ezezagunak edo ez oso ezagunak diren lehenagoko zenbait ere.

"Uztailak 38 / Urriak 37" erakusketa Artium Museoaren eta Lleidako Centre d'Art La Panera zentroaren arteko ekoizpena da, eta El Correo, Euskaltel, EDP Energia eta Vital Fundazioa ditu babesle eta Etxepare Euskal Institutua lankide.

Juan Perez Agirregoikoa (Donostia, 1963) baliabide arrunt samar eta ez oso deigarriak erabiltzen ditu: paper gaineko margoa, testuak, oihalezko pankartak. Oinarrizko teknikak ere erabiltzen ditu, hala nola ikatz marrazkia eta urmargoa.

Erakusketaren komisarioa den Peio Agirreren esanetan, "lehen begiradan obra irakurerraza dirudien arren, irakur daitekeen lehen geruza horren azpian, gure bizimoduaz eta giza jokamoldeaz ironia handiz mintzo zaizkigun aipu oso landuak ekartzen dizkigu artistak. Deklamaziozko esloganen atzean, artistak irudikapen kodeen gaineko gogoeta artatsua aurkezten digu".

Oro har, artista donostiarraren lanen edukiak boterearen, erlijioaren eta obedientziaren gaineko diskurtsoak bere egin eta iraultzen ditu. Filosofia politikoarekin eta Jacques Lacan psikiatra frantsesak psikoanalisiari egindako ekarpen teorikoekin duen interesean ere oinarritzen da.

"Uztailak 38 / Urriak 37" erakusketak biltzen dituen obren artean daude "Ex-votos" seriea (1993-1994), "El síndrome Muntadas" (2009), "Lalangue Lavion" (2011), "Letra morta / Dead Letter" (2014) eta "Radio(a)phonie" (2017).