Artxandako funikularrak ia 729.000 bidaiari izan ditu 2015ean, aurrekoan baino %19 gehiago

Artxandako funikularra
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 21 enero 2016 12:38

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Artxandako funikularrak urte batean garraiatutako bidaiarien kopuruaren marka berria jarri du amaitu berri den urtean, bere lehen mendeurrenaren urtean, hain zuzen ere. Guztira, 728.921 erabiltzaile izan zituen 2015ean, aurreko urtean baino % 19 gehiago.

   Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzailearen hitzetan, azken hamar urteetan urtez urte erabiltzaile kopurua handiagoa izatearen joera berretsi du funikularrak. Horrela, 2015ean batez ere Artxandako funikularraren mendeurreneko ekitaldiengatik bidaiari gehiago egon den arren, 2016rako aurreikuspenak bidaiari kopuru horri eustekoak direla esan du.

   Artxandako funikularrak harrera ona du erabiltzaileen aldetik, eta azken urteetan gora egin du bidaiarien kopuruari dagokienez. Zehazki, 2013an, batez beste, 1.549 bidaiari egon ziren egunean, 2014an 1.681 eta 2015ean 1.997.

   Gainera, 2015eko azken hilabeteetan, urte guztian izandako kopuru onei eutsi zien funikularrak; 2014aren aldean, lehen mendeurreneko urteko azaroan %39 hazi zen bidaiarien kopurua, eta abenduan %52. Bidaiari gehien izan zuen hilabetea abuztua da, 87.255 erabiltzailerekin.

   Bilboko Udalak zenbait ekitaldirekin ospatu zuen iaz Artxandako funikularraren lehen mendeurrena. Ekitaldi nagusiena urriaren 7an izan zen. Hain zuzen, 12:20an egindako bidaia izan zen ekitaldi nagusia, 1915eko urriaren 7an, ordu berean inauguratu baitzuten ofizialki Castaños eta Artxanda lotzen dituen trena.

   Horrez gain, jai ekitaldi ugari egon ziren, hala nola kalejirak eta erromeria, hitzaldiak, erakusketak, margo eta argazki lehiaketak. Castaños, Uribarri eta Artxandako auzo eta kultur elkarteek antolatu zituzten, Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin. Artxandako eta Castañoseko ostalariek ere laguntza eman zuten.

BISITA GIDATUAK

   Gainera, Artxandako funikularrak doako bisita gidatuen programa antolatu du, instalazioak ikusteko. Otsailaren 6tik urrira arte, larunbat guztietan, 11:30ean izango dira bisitak. Urrian inauguratu zuten funikularra eta horrekin bat etorrita amaituko da bisita gidatuen programa.

   Gehienez 30 pertsona egongo dira talde bakoitzean, eta aldez aurretik erreserba egin behar da 010 edo 94 401 00 10 telefonoetara deituta, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara.

   Lanegunetan 07:15etik 22:00etara bitartean funtzionatzen du funikularrak, eta jaiegunetan 08:15etik 22:00etara bitartean. Udako hilabeteetan (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean) 23:00ak arte egoten da martxan. Maiztasuna 15 minutukoa da, bidaiari asko pilatuta egon ezik, horrelakoetan maizago ibiltzen baita geltokietan bidaiarien pilaketak kendu arte.