Artxandako Funikularreko erabiltzaileen kopuruak %4,44ko igoera du orain arte aurten

Artxandako Funikularreko bidaiarien kopurua igo egin da
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 11 octubre 2011 16:05

BILBO, 11 Oct. (EUROPA PRESS) -

Artxandako Funikularrak %4,44 gehitu ditu erabiltzaileak urteko lehen bederatzi hilabeteetan, 2010. urtearekin alderatuta. Udan izandako kopuru onak -ekainean %20 bidaiari gehiago egon dira- eta turismoa edo aisirako saldutako eguneko bidaia-txartelen gehikuntza izan dira erabiltzaileen igoeraren arrazoi nagusiak, Bilboko Udaleko iturriek adierazi dutenez.

Astelehena eta ostirala bitartean lantokira joateko funikularra erabiltzen dutenen kopurua mantendu egin da. "Prezio eskuragarriari esker, norbere ibilgailua Artxandan aparkatu eta hiriko erdiguneraino funikularrez jaitsi ahal izateak krisialdian aukera erakargarriago bihurtu du honako garraiobidea", azaldu dute. Horrela, Artxandako Funikularrak azken hilabeteotan -iraila barne-, guztira, 426.345 bidaiari eduki du.

Aste honetan behin betiko hasi da etxeko animaliekin bidaiatzeko aukera ematen duen araudi berria. Joan den ekainaren 1ean behin-behinean indarrean hasi zenetik, egunero, batez beste, etxeko 12 animalia egon dira. Hala ere, Artxandako Funikularrak etxeko animalien onarpena mugatzeko aukera izango du lagun ugari batzen den momentuetan, hala nola kirol ekitaldi, jai edo zerbitzu berezietan.

Gainera, txakur eta katuen sarbidean baldintza batzuk bete behar dira. Horrela, katuak garraio edukiontzi itxi batean joan behar dira, eta txakurrek uhal labur bat eta muturrekoa eraman behar dute. Ezin dira bertara sartu ez animalia exotikoak ezta, legearen arabera, arriskutsuak izan daitezkeen arrazetako txakurrak (Pit Bull, Staffordshire Bull Terrier, Dogo Argentinarra, Fila Brasildarra, American Staffordshire Terrier, Rottweiler, Tosa Inu eta Akita Inu).

Halaber, segurtasunagatik, animaliak beren jabeek eraman behar dituzte, eta zuhurtzia handiaz jokatu beharko dute maskotak inongo kalterik ez jasateko. Artxandako Funikularrak ez du bere gain hartuko animaliek jasan ditzaketen zaurien erantzukizuna beren jabeek behar diren badaezpadako neurriak hartu ezean. Animaliaren jabea edo eramailea, maskotaren jokabidearen ondorioz gertatu daitekeen edozein gorabehera edo kalteren erantzule bakarra izango da. Asistentziarako txakurrak eramateko ez dira baldintza hauek bete behar izango.

TARIFAK

Etxeko animaliei buruzko behin betiko ezarpenaz gain, Artxandako Funikularra S.A.ren Administrazio Kontseiluak irailaren 26an tarifak eguneratu zituen, 2012ko ekitaldiko udal tasa eta zerga guztiak eguneratzeko onartutako irizpidearen arabera, urte bitan izoztuta eduki ondoren.

Hala, bidaia-txartel arruntak bere horretan iraungo du, 0,90 euroko prezioan; bidaia-txartel murriztua 0,28 eurotik 0,29 eurora igoko da, eta Creditrans txartelarekin ordaintzen den bidaia 0,54 eurotik 0,56 eurora igaroko da.

Bestetik, Garraio Partzuergoak jaulkitako familia ugariko erabiltzaileentzako hobariak, betiere Hirukotrans txartela erabiltzen dutenean, %20koak izango dira -familia ugari orokorreko kategorian- edo %50ekoak -kategoria berezian-, hau da, bidaia-txartelean 0,45 euro eta 0,28 euro, hurrenez hurren.