Asian Youth Orchestra Donostiako Musika Hamabostaldian arituko dira asteazken honetan

Asian Youth Orchestra
FIS
Actualizado: martes, 22 agosto 2017 13:51

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Asian Youth Orchestra bigarrengoz ariko da Donostiako Musika Hamabostaldian, estreinakoz jardun zenetik 19 urte betetzen diren honetan. Hain zuzen ere, 59. edizioan hartu zuen parte, 1998an. Talde gaztea Hamabostaldian ariko da berriz ere, Kursaal Auditorioan, asteazken honetan, hilak 23 (20:00), eta oraingo honetan James Judd zuzendariaren aginduetara joko du.

Bere musikaltasun suharragatik bai presentzia karismatikoagatik ezaguna da Judd, eta baita estilo guztiz komunikatiboa duelako eta programa irudimentsuak osatzen dituelako ere.

Hitzordu honetako alde erakargarrienetakoa izango da, ezbairik gabe, musikari gazte asiatikoen presentzia. XX. mendetik aurrera, agerian gelditu da mendebaldeko musikarekiko Asiak daukan pasio eta mirespena, eta begi-bistakoa da kalitate handiko musikariak trebatu
dituela. Pianoaren alorrean gailendu badira ere, denboraren poderioz hari-instrumentuak ere asko landu dituzte.

Halaber, aipagarria da orkestra hauek erakargarri bilakatzen dituen beste ezaugarrietako bat dela beren taldekideen "pasio eta gogoa". Sarritan "kutsatzen" dute publikoa, eta esan daiteke nolabaiteko elkartasuna ematen dela entzulego eta orkestraren artean, orkestra gazte hauetan oso nabarmena izaten dena.

Asian Youth Orchestrak eskainiko duen programa Chun-Wai Wong musikagile txinatarraren obra labur batek zabalduko du. Ondoren, Dimitri Xostakovitx-en "Biolin eta orkestrarako 1. Kontzertua" eskainiko dute, eta Gustav Mahler-en "Titan" 1. Sinfonia-rekin emango diote itxiera kontzertuari.

Hitzordua "As the heart soars" obrarekin abiatuko da. Bost minutuko pieza labur hau Chun-Wai Wong musikagile gazteak idatzi du, Hong Kong Txinarekin berriz bateratu zenetik 20 urte bete direnean Asian Youth Orchestrak antolatu duen lehiaketan saritu den obra.

CHUNG-WAI WONG

Chun-Wai Wong musikagile moldakorra da, orkestrarako lanak, musikalak nahiz filmetako soinu bandak lantzen ditu, eta sarritan baliatzen da musika lengoaia anitzez askotariko giroak sortzeko. Chun-Wai Wong-ek dio Hong Kongen soinua aditzen dela "As the heart soars" obraren barru-barruan, hiri zirraragarria baita, Sortaldeko eta Sartaldeko musika-estiloek bat egiten dutena.

Piccolo batek aurkezten du hasierako mugimendua, hiriaren aldaketak irudikatuz garatzen da mugimendu hori gero, eta biolinetan ageri da azken apoteosia.

Jarraian, Asian Youth Orchestrak Xostakovitx-en "Biolin eta orkestrarako 1. Kontzertua" interpretatuko du, musikagilearen estiloaren erakusgai argia da, eta oso eginkizun nekagarria dakarkio bakarlariari. Xostakovitx XX. mendeko errusiar musikagile handienetakoa da eta Estalinismoaren gabeziak eta zigorrak bere haragitan bizi izan zituen.

Lan honek, halaber, itzelezko indar interpretatiboa eskatzen du, zalantzarik gabe Vadim Repin biolinistak dotereziaz eta birtuosismoz jantziko duena. Mundu mailako bakarlaririk gailenetakoa da Repin biolinista errusiarra, eta "Biolin eta orkestrarako 1. Kontzertua"-ri
ekingo dio berriz ere bihar Hamabostaldian, izan ere, 1989.an jaialdian lehen aldiz aritu zenean jo baizuen aipatu partitura.

GUSTAV MAHLER

Amaitzeko, Gustav Mahler, eta bere 1. Sinfonia entzutetsua, "Titan" deritzona. 1888. urtean estreinatua, mende-amaierarako ediziorako berritu zen eta "Titan" izena jarri zioten, zeinarentzat hainbat erreferentzia izan daitezkeen, Léon Paulen 1800eko nobelaz gainera.

Mahler-ek idatzitako hamar sinfonietatik lehenengoa da hau, orkestrazio handiko lana, sinfonismo berri baten aldeko bidea zabaldu zuena. Austro-hungariar Inperioko gai herrikoietan oinarri hartuta, erabateko orkestra behar duen partitura da, non tronpen familiak
garrantzi berezia hartzen duen, batez ere obraren azken partean.