Astarbe eta Bereziartua sagardotegiek sariak lortu dituzte Frankfurteko Nazioarteko Sagardo Ferian

Astarbe eta Bereziartua sagardotegietako arduradunak
Foto: GIPUZKOAKO SAGARDOGILEEN ELKARTEA
Actualizado: lunes, 13 abril 2015 13:29

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Apfelwein Weltweit Nazioarteko Sagardo Feria izan da larunbatean eta igandean Alemaniako Frankfurt hirian, eta, sagardoa aurkezteaz gain, sari garrantzitsuak lortu dituzte Astigarragako Astarbe eta Bereziartua sagardotegiek, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Astarbe sagardotegiak sagardo produktureen sailean eta apardunen sailean lortu ditu sariak "Astarbe" sagardoarekin eta "ByHur" sagardo
apardunarekin. Bereziartuak sagardo produktoreen sailean lortu ditu bi sari, bat "Bereziartua" sagardoarekin eta bestea "Bereziartua Gourmet" sagardoarekin.

   "Euskal sagardoa mugak gainditu nahian dabil mundu mailan ezagutzera eman eta saldu ahal izateko, eta lan horren guztiaren emaitza da Frankfurten Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko bi kideek lortu duten emaitza", azaldu dute elkarteko arduradunek.

   Haien esanetan, gaur egun, merkatu berriak arakatzea "ezinbestekoa" du sagardoak produktu bezala hazi eta bilakatzen joan nahi badu, eta zenbait sagardotegik garbi ikusi dute hori. "Gure sagardo naturala potentzial handia duen produktua dela azpimarratzen dute aditu askok, sagar hutsez egindako produktua izaki, oso interesgarria baita kontsumo osasungarri baterako. Baina mundu mailan ezezaguna da produktua eta pausoak eman behar dira ezagutzera eman eta merkatu berrietako ateak irekitzeko", nabarmendu dute.

   Lehiaketako sari banaketa larunbatean izan zen, eta Nazioarteko Azoka
igandean. Alemaniako eta beste leku batzuetako kontsumitzaile eta
banatzaileen bisita izan zuten Bereziartua eta Astarbe sagardotegiek eta beren sagardoak dastatzera eman eta azaltzeko aukera izan zuten. Izan ere, Alemaniako Hessen eskualdean, eta bereziki Frankfurt inguruan, sagardo kultura handia dago eta sagardo asko egin eta kontsumitzen da bertan.