Atxagaren "Obabakoak" irakurriko dute Klasikoen VI. Irakurraldi Etenik Gabean, Bilbon

Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano
EMMLIO PORRAS/EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 12 febrero 2013 17:44

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea ekimenaren seigarren edizioa ekainaren 20an izango da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara, eta aurten, Bernardo Atxagaren "Obabakoak" izango da irakurgaia, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez.

Duela bost urte Axularren "Gero", duela lau Mogelen "Peru Abarca", duela hiru Jon Miranderen "Haur besoetakoa", duela bi Ramon Saizarbitoriaren "Hamaika pauso", iaz Arantxa Urretabizkaiaren "Zergatik panpox" eta ikasturte honetan Bernardo Atxagaren "Obabakoak" izango da ekimenaren protagonista.

Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleak oso pozik daude, eta harro, "Klasikoen irakurraldi etenik gabea" ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, euren helburua -klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia- betetzen ari direlako.

Akademiatik adierazi dutenez, 'klasikoa' hitz "labaina" da eta ez da erraza zein garai biltzen duen jakitea, eta "ez litzateke harritzekoa norbaitek 1988an argitaratutako liburu bat -"Obabakoak"- klasikotzat ez hartzea". "Iritzi guztiak errespetagarri diren arren, Bernardo Atxagaren lana euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du, dudarik gabe, halako ekimenak ateak parez pare zabal diezazkion", azaldu dute.

Irakurketaren aitzakian, Bilbo Zaharra Forumek egitarau trinkoa dauka, ikasturte osoan zehar burutzen ari dena. Hala, 2012ko azaroan, "Paisaiaren adiera" izenburupean, hiru hitzaldi antolatu ziren: azaroaren 20an, Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano aritu ziren; azaroaren 21ean Anari eta Iñigo Aranbarri; eta azaroaren 22an, Bernardo Atxagari buruzko "Leku hutsak, hitz beteak" dokumentala aurkeztu zuten Joxe Angel Arbelaitz zuzendariak eta Juanfe Garcés editoreak.

Bigarren hiruhilekoan, "Plagioa vs. originaltasuna" izenburupean, beste hiru hitzaldi emango dira. Lehena ostegun honetan izango da, eta Kirmen Uribe eta Juan Carlos Perez mintzatuko dira; otsailaren 19an Eider Rodriguezek eta Andoni Egañak hitz egingo dute; eta otsailaren 21ean Karmele Jaioren eta Mikel Urdangarinen txanda izango da.