Atzerrian egonaldia eta enpresa praktikak egiteko 400 Global Training beken izen-ematea ireki da

Global Training bekak
IREKIA
Actualizado: viernes, 15 junio 2018 13:06

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak Global Training bekak eskuratzeko izena emateko epea ireki du uztailaren 16ra bitartean. Guztira, atzerrian egonaldia eta enpresa praktikak egiteko 400 beka banatuko dira, edizio honetarako hautatutako entitate laguntzaileen bidez.

Gutxienez sei hilabeteko bekak dira, eta gehienez urtebetekoak izan daitezke. Entitate laguntzaileek egindako eskaintzari erreparatuz, batez beste zortzi hilabetekoak izango dira, entitateok eskaintzen dituzten luzapenei esker, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Bekak goi mailako ikasketak dituzten 30 urtetik beherako gazteei bideratuta daude (lizentziatuak edo Lanbide Heziketako ikasketak). Hautatuek enpresa edo entitateetan praktikak egingo dituzte, hilero 1.358 euro inguruko poltsa ekonomikoarekin.

Aurten zazpi dira entitate laguntzaileak: Novia Salcedo Fundazioa (60 beka); AFM elkartea eta Ikaslan (60 beka); HETEL elkartea, Txorierri Politeknikoa, Confebask eta Adegi (60 beka); Garapen elkartea eta Donostiako Sustapena (60 beka); Euskal Herriko Unibertsitatea (60 beka);
Deustu eta Mondragon unibertsitateen elkartea (60 beka); eta Euskal Ganberak (40 beka).

Mugikortasun profesionaleko praktikak nazioarteko enpresetan egingo dira. Enpresa horietako asko lehen mailakoak eta sektore ezberdinetakoak izango dira, gazteei diziplina profesional anitzetan hezkuntza aukera oso ezberdinak eskaintzeko. Aurreko edizioetan, Brasil, Mexiko, Amerikako Estatu Batuak, Txina, Japon eta beste hainbat herrialdetan egin ziren praktika hauek.

Izen-emate epea uztailaren 16an itxiko da, eguerdiko 12.00etan, eta aukeraketa prozesua entitate laguntzaileen esku geratuko da. Interesa duten gazteek entitate kolaboratzaile bakar baten bidez egin beharko dute izen ematea, eta informazio gehiago entitate laguntzaileetan edo Eusko Jaurlaritzako webgunean jaso ahako dute (http://www.euskadi.eus/nazioartekotzeko-laguntzak-dirulaguntzak/web01-a2lehiar/eu/).