Augustin Zubikarai XVIII. Saria abiatu dute Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak

Actualizado: domingo, 17 junio 2018 13:34

BILBO, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai XVIII. Sariaren deialdia egin dute. Beste urte batez, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz antolatu dute saria, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko duena.

Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, eleberriak idazteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka behin irabazi duenak ezingo du berriz parte hartu.

Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektroikoz atxikitako dokumentuetan: landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2.000 eta 6.000 karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola argumentua, egitura, luzera edo estiloa; idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena; egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Proiektuak irailaren 30a arte bidali daitezke mrey@ondarroa.eus helbide elektronikora. Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta
haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utzi dezake epaimahaiak.

SARIA

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru kopuruaren erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia idazlan amaitua eman eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana emango ez balu, edo, epaimahaikoen iritziz idazlanaren izaera eta kalitatea proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.