Aurreklusterren eredua erakutsiko du Eusko Jaurlaritzak Estonian

Actualizado: miércoles, 30 marzo 2011 12:46

BILBO, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritza Tallinn-en (Estonia) egongo da gaur eta bihar, TCI (The Competitiveness Institute) lehiakortasunerako erakundeak antolatutako Europako Biltzarrean. Estoniako hiriburuan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Plangintza eta Estrategiako zuzendari Inmaculada Freijek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ezarri den aurreklusterren eredua azalduko du.

TCI erakundeak 28 herrialdetako 200 pertsona baino gehiago bilduko ditu Tallinn-en, eta biltzarrean, aurreklusterrei aplikatutako euskal eredua hautatu da arrakasta izan duen kasu gisa. EAEn bederatzi aurrekluster daude abian; lehentasunezko klusterraren kategoria lortu aurreko eredua da eta sektoreen lehiakortasuna sustatzen laguntzen du enpresen arteko lankidetzaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko iturriek azaldu dutenez.

The Competitiveness Institute (TCI) erakundearen helburua klusterretan oinarritutako estrategiak sustatzea da, ekonomia-lehiakortasuna eta eskualdeko garapena hobetzeko asmoz. Erakundearen helburuen artean industria eta zerbitzuetako klusterren lehiakortasuna eta klusterren garapenean lan egiten duten pertsonen lanbide-maila indartzeko metodologiak hobetzea dago. Horretarako, klusterren lehiakortasuna garatzeko tresnak sustatu nahi ditu mundu osoan, eta goi-mailako prestakuntza eskaintzen die klusterretako profesionalak izan daitezkeenei.

Europako Biltzarra gaur hasi eta bihar amaituko da, eta gai nagusia kluster-politikak Europan, estatuan eta eskualdean nola hobetu izango du, bai eta klusterren kudeaketan bikaintasuna lortzeko modua ere.

Jardunaldi hori lehenengo aldiz egingo da Ekialdeko Europan. Biltzarrak, bestalde, klusterren garapenari buruzko ikuspegi sakonagoa emango du Ekialdeko eta Erdialdeko Europan.

Biltzarraren hasierako programaz gain, "Gune Irekia" metodoan oinarrituko diren hainbat saio paralelo antolatuko direnez, parte-hartzaileak aukera izango du bere interes nagusiko gaiak definitzeko, bai eta sortutako eztabaida bideratzeko ere.

Eusko Jaurlaritza, erakundeko kide den aldetik, The Competitiveness Institute (TCI) elkarteko kide da. Elkarterean helbide soziala Bartzelonan dago eta nazioarteko bokazio handia du. Besteak beste, honako erakunde hauek dira elkarteko kideak: Innovation Norway (Norvegia), Regional Council of Central Finland (Finlandia), Orkestra (Lehiakortasunerako Euskal Institutua), Acc1o (Katalunia), Comunidad Cluster Medellin & Antioquia (Kolonbia), Baltic Innovation Agency (Baltikoa).