Aurtengo lehen arrano arrantzalea itzuli da Urdaibaira

Arrano arrantzalea
URDAIBAI BIRD CENTER
Actualizado: viernes, 24 marzo 2017 14:08

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Urdaibai Bird Center Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketarekin arrano arrantzalea lehengoratzeko garatzen ari den programak emaitzak ematen jarraitzen du, joan den larunbatean Urdaibaira itzuli baitzen programaren barruan askatu ziren aleetako bat, hain zuzen ere, 2013an askatu zen ar bat. Ale honi dagokionez, lehenengoz 2015ean itzuli zen, eta 2016ko iazko abuztuan askotan ikusi zuten biosferaren erreserban.

Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, Europan bizi diren arrano arrantzale gehienek Saharaz hegoaldeko Afrikan igarotzen dute negua, batez ere Gineako Golkoaren inguruko herrialdeetan, hala nola Senegalen eta Ekuatore Ginean. Urtearen sasoi honetan kumeak egiteko euren tokietara itzultzen hasten dira, eta horregatik Urdaibai Bird Center zentroko langileak hegazti hauek bilatzen hasten dira biosferaren erreserban.

2013an arrano arrantzalea lehengoratzeko programa abian jarri zenetik gaur egun arte 48 ale askatu dira Urdaibai Biosferaren Erreserban. Ale horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eskoziako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmen bati esker eskuratu dira. Aleak 2015ean hasi ziren itzultzen eta 2016an lau ar bultatu ziren (hiru 2013an askatuak eta beste bat 2014an askatu zen taldekoa).

Kontuan hartuta 2013an askatu ziren aleek lau urte bete dituztela eta helduak direla, "proiektuaren bosgarren urte hau berezia da gerta daitekeelako udaberri honetan ugalduko den bikoteren bat eratzea". "Ezin dugu ahaztu arrano arrantzalea lehengoratzeko programa abian jartzearen helburua hori izan zela", gogoratu du.

Programaren helburua hegazti hau lehengoratzea da, Bizkaian ugaltzea lortuz, baina, atal osagarri moduan, ingurumeneko hezkuntza jorratzeko alderdia dauka. Horren barruan garatzen diren jarduketak zabaltzen dira eta harrapari hau ezagutzera ematen da. Gaur egun arte 5.000 ikasle inguru izan dira, 300 irakaslek lagunduta, arrano arrantzalea ezagutzeko Urdaibai Bird Center bisitatu dutenak. Halaber, 25 hitzaldi antolatu dira publiko helduarentzat.