Autobus bat EAEko udalerrietatik ibiliko da Eusko Jaurlaritzaren turismo sentsibilizaziorako kanpainan

Actualizado: viernes, 18 marzo 2011 14:31

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Autobus batek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zenbait udalerri bisitatuko ditu martxoaren 27a arte, turismoaren sektoreak EAEko ekonomian duen garrantzia herritarrei helarazteko eta euskal herritar guztiak inplikatzeko beharraz sentsibilizatzeko. Ekintza Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarekin batera garatutako kanpainan sartuta dago; martxoaren 5ean jarri zen martxan kanpaina.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "Zuk egiten duzu Euskadi" goiburupean, kanpainak herritarrak 2010eko Euskadiko turismoaren arrakastaren partaide bihurtu nahi ditu, eta balioa eman nahi dio hazkunde-lerro horretan jarraitzearen garrantziari.

Donostia, Zarautz, Zumaia, Tolosa eta Beasain udalerri gipuzkoarrak, Lekeitio, Gernika, Bilbo, Portugalete, Barakaldo eta Getxo bizkaitarrak, eta Laudio, Agurain, Bastida, Guardia eta Gasteiz arabarretan egongo da autobusa.

Aisialdiko une bat pasatzeko, ekintzan parte hartzeko eta informazioa jasotzeko gunea izango da. Gerturatuko direnek beren irudiarekin egindako postal bat jaso ahal izango dute. Autobusa 10:00etatik 14:00etara egongo da irekita jendearentzat goizez, eta 16:00etatik 18:00etara arratsaldez.