Auzolana mundu zabalera irekitzeko deia egin du Urkulluk Etxepare Institutuaren Patronatuaren bileran

Etxepare Euskal Institutuaren Patronatua, Lehendakaritzan bilduta
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 24 junio 2015 16:29

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

   Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuak bilera egin du arratsalde honetan Lehendakaritzan, Gasteizen, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua buru zirela. Bertan, "euskal kulturan oso txertatuta" dagoen auzolana mundu zabalera irekitzeko deia egin du Urkulluk.

   Bileraren hasierako agurrean, kideei esker ona erakusteaz batera, euskal kultura nazioartean kokatzeko Etxepare Institutuak duen garrantzia nabarmendu du Urkulluk. "Badakigu, euskara eta kultura eremu egokiak direla munduari ezaugarri bereizgarriak dituen komunitate bat dagoela helarazteko, nazioartean kokatzeko", nabarmendu du.

   Bere hitzetan, "mundu zabalera ireki behar dugu auzolana, gure kulturan oso txertatuta dagoen ohitura. Ezinbestekoa da Etxepare Institutua, Kanpo Harremanekin eta Euskadi-Basque Country estrategiarekin koordinazio estu baten bidez lanean aritzea".

   Ildo horretan, legealdiaren hasieratik munduko hainbat hiritara egin dituen bisitetan "Etxepare Institutuak egiten duen lanaren lekuko" izan dela azaldu du. "Legealdiaren hasieran Bruselan izan nintzen, eta han zegoen Etxepare Institutua valoniarrekin gazte musika proiektu bat aurkezten. New Yorkera joan, eta Bernardo Atxaga Katedra gertutik ezagutu nuen. Mexikon UNAMeko arduradunek han lanean dagoen Euskara irakurlearen eginkizuna eskertu zidaten. Uda honetan Boiseko Jaialdian parte hartuko dut eta hara ere iritsi da Etxepareren lana", azaldu du.

DONOSTIA 2016

   Nazioartekotze horren adibide eta erronken artean, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza izan du hizpide Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. "Adibidea aurrez aurre dugu. Orain Europara eta mundura begira, guztion erronka da Donostia 2016 proiektua, elkarlanaren bidez merezi eta behar den bezala aurrera ateratzeko", ziurtatu du.

   "Herri txikia gara eta badakigu aukera berriez baliatzeko elkarlanean aritu behar dugula. Eusko Jaurlaritzaren mezua oso argi azalduko dugu: nazioartekotzea bultzatzea lehentasunezko helburua dugu. Mundu ireki honetan posizioa eta aintzatespena irabazi behar ditugu. Elkanok esango zigun abentura hau ez dela berria gure herrian. Beraz, XXI. mendera egokitutako abentura honetan parte hartzera deitu nahi zaituztet", esan die Patronatuko kideei.

   Amaitu aurretik, Etxepare Institutuaren xedea zein den ere gogorarazi du Urkulluk Patronatuaren bileran. "Atzerrian gure hizkuntzaren eta kulturaren enbaxadorea izatea" azpimarratu du, lehenik, helburuen artean. "Diziplina guztietako euskal artistak eta industria nazioartean  zabaltzea, euskara eta euskal kulturarekiko interesa zabaltzea, eta azkenik, baita gure herrialdearen errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea ere", gaineratu du.

   Urkullu eta Uriarterekin batera, Etxepare Institutuaren Patronatuko kide dira Marian Elortza, Joxean Muñoz, Olatz Garamendi, Patxi Baztarrika, Carmelo Arzalus, Josune Ariztondo, Iciar Lamarain, Zigor Etxeburua, Koro Navarro, Iñaki Salvador, Koldo Tapia, Jean Etxegoien, Koldo Martinez, Daniel Angel Castillejo, Ignacio Dorronsoro, Idoia Zabaleta, Francisco Valderrama, José Antonio Fernández Gutiérrez, Gidor Bilbao, Begoña Pedrosa, José Antonio Rodríguez Ranz, Xabi Paya, Andres Urrutia, Iñaki Arteta, Lorea Bilbao, Itziar de Blas, Felipe Juaristi, Iñigo Zabaltza eta Aizpea Goenaga.