Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta bat egingo du

Euskal blogintzari buruzko inkesta egingo du Azkue Fundazioak
AZKUE FUNDAZIOA
Actualizado: martes, 31 enero 2017 14:40

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin du eta, azken urteetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publiko bat egingo du, erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Azkue Fundazioak "Blogetan! Euskal blogariak lehian" egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan duela gutxi, "Argia" aldizkariaren laguntzarekin. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustazea da.

Hori dela eta, "aspaldi duten kezka eta jakinmina piztu zaie berriro Azkue Fundazioko langileei". "Jakin badakite, gainera, euskalgintzan eta internet alorrean dagoen kezka dela. Ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik. Informazio falta
handia dago alor honetan. Horregatik inkesta publiko bat egitea pentsatu dute Azkue Fundazioan", adierazi du.

Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea eta, horrela, erantzun kopuru handia jasotzea. Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean,
Interneteko garatzaileak, erakundeak eta abar.

Ahalik eta erantzun gehien izatea lortu nahi da, horrela "ikuspegi erreal eta zabala" lortuko delako eta "informazioa benetan baliagarria" bilakatuko delako. "Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da. Lortutakoa egoera errealaren
isla izango da", azaldu du.

Azkue Fundazioaren arabera, egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira, estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko "tresna baliagarria" bilakatuko da inkesta.

Horrela, inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute?
Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

INKESTA PUBLIKOA

Inkesta publikoa izango da eta Azkue Fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bidez zabalduko du. Internet bidez burutu beharreko galdetegia da eta sarean libreki partekatu daitekeena. Otsaila osoan zehar bilduko ditu erantzunak. Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldun.

Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.

Azkue Fundazioak inkestaren emaitzak eta horietatik aterako dituzten ondorioak publikoki zabaldu, partekatu eta aurkeztuko ditu. Gizartearen esku jarriko ditu eta, batez ere, erakunde, eragile, garatzaile eta sortzaileen esku. Horrela, behar edo nahi dituenak eskuratzeko aukera izango du eta egokien ikusten duen moduan erabil.

Emaitzen aurkezpena "Blogetan! Euskal blogariak lehian" sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo du Azkue Fundazioak. Egun horretan euskal blogintzaren inguruko jardunaldia burutuko du ekitaldi horren barruan, eta datu eta ondorioak adierazi eta elkarrekin balioztatzeko aukera izango da. Jardunaldia martxoaren 30ean izango da Euskararen Etxean, Bilbon.