Azkue Fundazioak komiki digitalaren lehiaketako lehenengo edizioko sariak banatuko ditu larunbatean Bilbon

Actualizado: viernes, 25 enero 2013 14:18

BILBO, 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

Azkue Fundazioak komiki digitalen lehiaketaren lehenengo edizioko sariak banatuko ditu larunbat honetan, urtarrilaren 26an, Euskararen Etxean, Bilbon. Asier Kidam magoak ekitaldia aurkeztu eta antzeztuko du eta nahi dutenek Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatzeko aukera izango dute, zentroa hilean behin larunbat goizez zabaltzen baita publiko orokorrak ezagutzeko aukera izan dezan.

Eguerdiko 12:00etan hasiko den sari banaketa ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia den Miren Dobaran eta Azkue Fundazioko zuzendari kudeatzailea den Rodrigo Gartziak parte hartuko dute, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Azkue Fundazioaren komiki digitalen tailer eta lehiaketa hau 2012an egiten hasi zen Euskararen Etxera bisitan zihoazen ikastetxeetako taldeekin, jarduera osagarri moduan. Ikasle taldeak Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatu eta ondoren tailer praktikoa burutzen dute, beti euskara eta teknologia uztartuz.

Tailer hauek Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergo arteko taldeek egin izan dituzte eta hiru gaietako edukiak landu: internetek euskaraz aritzeko ematen dituen aukerak, sare sozialetan zaindu beharreko pribatutasun neurriak eta Creative Commons delakoaren eta ezagutzaren partekatzea sarean.

Talde bakoitzak gai hauetako bat landu du, begirale baten laguntzarekin eduki orokorrak aztertuz. Ondoren, proposatzen zitzaien komiki digital baten bunbuiloak osatu behar izan dituzte bikoteka. Sormenari eutsi behar izan diote beraz istorioa osatzeko.

PARTE-HARTZEA

Bere arduradunen arabera, lehenengo edizio honetako balantzea "biziki ona" izan da: 33 ikastetxeetatik joandako 88 ikasle taldek hartu dute parte, eta beraz, guztira ia 2.000 ikasle izan dira. Horrela, edizio "arrakastatsua" izan dela uste dute, bai parte hartze aldetik eta bai ikasleei zabaldutako baliabide berrien aldetik ere.

Internet, sarea, edukien partekatzea eta euskara mundu digitalean erabili ahal izateko aukera berriak ezagutu ahal izan dituzte ikasleek jarduera hauen bidez. Hilabete honetan hasi dira jada lehiaketako bigarren edizioko bisitak eta urte osoan zehar luzatuko dira.

Ikasleek bikoteka edo hirunaka hartu dute parte lehiaketan eta talde bakoitzak zegokion gaiari buruzko lana osatu du. Guztira 15 lan saritu dira eta 31 irabazle daude: lehenengo eta bigarren kategorian internetek euskaraz aritzeko ematen dituen aukerak eta sare sozialetan zaindu beharreko pribatutasun neurriak gaiekin lotutako lehenengo, bigarren eta hirugarren sari bat eta Creative Commons delakoaren eta ezagutzaren partekatzea sareari buruzko gaian bigarren kategoriako hiru sari.