AZTI-Tecnaliak Hondarribiako itsas hondoen doitasun handiko kartografia aurkeztu du

Maparen irudi bat
AZTI-TECNALIA
Actualizado: viernes, 6 marzo 2015 12:53

DONOSTIA, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

AZTI-Tecnalia zentro teknologikoak Hondarribia aurreko itsas hondoaren kartografia aurkeztu du ostiral honetan Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsaskari Baitan. Material hori -kalitate eta doitasun handikoa- "oso lagungarria" izango da zenbait arrantza eta aisialdi jardueratarako, besteak beste, arrantza, urpekaritza, surf eta olgeta arrantzarako, AZTI-Tecnaliako arduradunek azaldu dutenez.

Aurkeztutako materiala euskal kostaren aurreko plataforma kontinental osoa kartografiatzeko proiektu batekoa da. Proiektu horretan xehatzen dira puntu azpimarragarrienak, hala nola harkaitzen azaleratze eremuak, itsaspeko arroilak edo pezioak. Lan hori AZTI-Tecnaliako Akuikultura eta Itsasoko Teknologiak sailak egin du.

Mapa honek Hondarribiako udal mugartearen itsasbazterreko tarteari dagokion itsas hondoko erliebea eta batimetria erakusten ditu, kostaldetik 95 metroko sakoneraraino mendebaldeko partean eta 50 metrotarainokoak ekialdekoan. Karta honen ardatza Jaizkibeleko mandilerroak itsaso azpian duen jarraitasuna da. Itsasoaren mailaren aldaketek sortutako egitura geomorfologiko desberdinak ikusi daitezke, orain dela 6.000-8.000 urteko itsasertza bat 35 metrotan eta Jaizkibeleko kala nagusien parean zenbait paleo ibai nabarmendu daitezkelarik.

Ikerlan honetan lortutako informazioa baliagarria da itsas hondoak sedimentuen arabera sailkatzeko, hartxintxarrak, harea, lokatzak eta tarteko ñabarduren arteko bereizketa eginda. Era berean, artisau arrantzari dagozkion eremuen eta arrantza mota hori egiten den itsas hondoen xehaketa geografikoa egin da.

Itsas hondoen ezaugarriak jakitea oinarrizkoa da habitaten banaketa ezagutu eta aurreikusteko, bai eta klima aldaketak habitatetan eta gure estuario eta hareatzen prozesu geomorfologikoetan izango duen inpaktua ondorioztatzeko ere. Bestalde, indarrean dagoen legeriari jarraiki, ezinbestekoa da itsas hondoen eta habitaten karakterizazio morfologikoa egitea, haiek babestu eta kudeatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izateko.

ONURADUNAK

Lanaren arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez, erliebe mapak "oso erabilgarriak" dira itsas sektore guztietarako, salbamendu eta sorospenetarako nahiz ikerkuntza edo aisialdirako.

Horrez gain, hainbat aplikazio dituzte beste zenbait sektore eta jardueratarako, hala nola aisialdiko arrantzarako, nabigaziorako simulaziorako, itsas ibilbideen prestaketa edo kirol urpekaritzarako laguntzarako, surflarientzako urautsien inguruko informaziorako, ozeanografiaren eta arrantzaren inguruko ikerkuntzarako, prozesu geomorfologikoetarako (esaterako, hareatza eta estuarioetan klima aldaketak eragiten duen inpaktua neurtzeko), dragatze eta isurien segimendurako edo apaintzeko elementu edota opari gisa.

AZTI-Tecnaliako ikerlariek sorta aniztuneko ekozunda erabili dute ikerketarako. Teknologia horrekin, pultsu akustiko anitzeko sorta baten bidez, hondoetako topografia erreproduzitu daiteke, zehaztasun handiz eta ikerketa eremu zabal batean. Zehatza izateaz gain, azkarra da eta, hori dela eta, laginketa lanak nabarmen murrizten ditu. Kanpoko lanetarako ontzia erraz maniobratzen da, eta sakonera txikia du. Bestalde, oso egokia da laginketa lanak itsasertzetik hurbil eta portu eta estuarioetan egiteko.

AZTI zentro teknologikoa itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua da. 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta 45 herrialdetan baino gehiagotan dihardu, 230 lagunetik gorako aditu talde baten laguntzarekin. Adituon zeregina da ideiei forma ematea, gero ideiok balio dezaten, produktu eta zerbitzu bilakatuta, enpresa ekimenak sortzeko eta natura baliabideak berreskuratzeko eta zaintzeko.

Ikerketa estrategiko eta aplikatua egiten du nazioartean, Tecnalia korporazioarekin aliantzan, bezeroei soluzio integral eta berritzaileak emateko. Zientzia gaur egungo eta etorkizuneko gizartearentzako balio eta aberastasun bilakatzea da AZTIren nortasun adierazgarria.