AZTIk Europako legatzaren ugalketari buruzko ikerketa kanpaina hasi du

Legatzari buruzko kanpaina abian
AZTI
Actualizado: lunes, 13 marzo 2017 11:59

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

AZTI Itsas Berrikuntza eta Elikagaigintzako Zentro Teknologikoak, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) eta IMEDEA institutuak kanpaina bat jarri dute martxan, Europako legatzaren errekrutatzearen prozesu ekologikoak eta demografikoak ikertzeko. 16 ikertzailek osatutako talde bat Vigoko portutik irten da astelehen honetan "Sarmiento de Gamboa" ontzi ozeanografikoan, bizirik irauteko faktorerik garrantzitsuenak ezagutzeko asmoz, hau da, lehenengo bizitza faseetan hasi eta legatz heldua errekrutatzen den faseraino.

Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du kanpaina, Dreamer proiektuaren esparruan ("Legatzaren errekrutatzearen dinamika"), eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak babestu du, AZTIk jakinarazi duenez.

Proiektuaren helburu nagusia da legatzaren errekrutatzea zer kausak zehazten duten aztertzea, eta arreta berezia jarriko dute kausa demografikoetan eta ingurumenekoetan. Kanpainan aztertuko da Galiziako kostan zenbat legatz larba, larba osteko organismo eta ale gazte dauden eta espazioan nola dauden banatuta; laginketa aldietako kondizio meteorologiko, biologiko eta ozeanografiko nagusiak karakterizatuko dira, eta ale batzuk harrapatuko dira, larben eta ale gazteen eguneko hazkunde tasa zehazteko eta elikadura eta dieta eta stocken arteko konektagarritasun gradua zehazteko. Proiektu hau beste kanpaina batekin osatuko da. Hura hurrengo ekainean egingo da, eremu berean.

AZTIko, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) eta IMEDEA institutuko 16 zientzialarik osatutako taldea CSICek koordinatuko du, CSICeko Fran Saborido-Reyren eta AZTIko Paula Alvarezen zuzendaritzapean. Kanpainak 15 egun iraungo du ontzian.

Iparraldeko eta Ekialdeko Atlantikoko arrantzarik garrantzitsuenetako bat da Merluccius merluccius legatza. Hain zuzen, Espainiakoak dira Europako lehorreratze gehienak (Europako lehorreratze guztien %30). Espainiaren atzetik, Frantzia eta Portugal daude. Legatzak, arrantzarako duen garrantziaz gain, zeregin garrantzitsua du itsas ekosisteman, pelagiko txikienen harraparia baita eta, aldi berean, marrazo eta beste harrapari batzuen elikagaia.