Bai Euskarari elkarteak ziurtagiri berria sortu du sarean dauden denda eta zerbitzuentzat

"Bai Euskarari, Sarean" Ziurtagiri Berria
BAI EUSKARARI
Actualizado: lunes, 19 marzo 2018 10:48

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Bai Euskarari elkarteak eskaintzen duen ziurtagiriak esparru digitalera jauzi egin du, eta, gaur egungo bizimodu eta kontsumo joerei egokitzeko asmoz, ziurtagiri berria sortu du zerbitzua eta produktuak sarean eskaintzen dituzten webguneentzat: "Bai Euskarari, Sarean". Ziurtagiri berriak balioan jarri nahi ditu beren zerbitzu eta produktuak euskaraz eskaintzen dituzten denda eta webguneak, elkarteko arduradunek azaldu dutenez.

Elkartearen arabera, egunerokotasunaren ehuneko altu bat Interneten bizi dugu gaur egun eta aisialdia eta lana digitalizatu ditugu. Hori dela eta, Bai Euskarari elkarteak sarean ere euskaraz bizi eta lan egiteko baliabideak eta laguntza eskaini nahi ditu.

Ziurtagiri berriak bi maila izango ditu: "Euskararen Bidean-Sarean-" eta "Zerbitzua euskaraz-Sarean-". Euskararen presentzia eta erabileraren arabera, bat edo beste eskuratu ahal izango dute atari digitalek. Gainera, Bai Euskarari elkartearen laguntzarekin aurrerapausoak emateko bidea zehaztu eta beharrezko baliabide eta aholkularitza jaso ahal izango dute.

Euskara maila neurtzeko, bi atal nagusi hartuko dira kontuan: alde batetik, irudi korporatiboari dagokionez, webgunearen atal, informazio eta edukiak euskaraz dauden baloratuko da; bestetik, kanpo harremanei erreparatuta, idatzizko harremanetan, ahozkoan eta komunikazioan euskara nola erabiltzen den aztertuko da.

"Euskaraz lan eta bizi nahi dugulako, bizimodu eta negozio digitalerako jauzia euskaraz egiteko sortu da 'Bai Euskarari Sarean' ziurtagiria. Euskararen balioa gehitzeko interesatuta daudenak Bai Euskarari Elkartearekin jar daitezke harremanetan, egoera aztertu eta bidea egiten hasteko", azaldu dute.

Besteak beste, honakoak dira, "Bai Euskarari Sarean" ziurtagiriaren bidez beren webguneari euskararen balio erantsia eman diotenak: www.mintzanet.net, www.dendari.com, www.bizikibizi.com, www.eskure.eus, www.bagaraecocool.com eta www.banilo.eus.