Obretan amiantoa detektatzeko sistema bat proposatu die Osalanek udalei

Actualizado: miércoles, 22 febrero 2012 12:40
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren menpe dagoen Osalan erakundeak amiantoari buruzko txostena aurkeztu du gaur Bilbon eta, beste neurri batzuren artean, detekzio-sistema bat ezartzea proposatu die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalei, eraberritzeko eta birgaitzeko eraikuntza lanak -pribatuak zein udalenak- egiteko lizentziak eskatzen direnean obra horietan amiantoa dagoen ala ez jakiteko. Osalanek bere burua eskaini du udal teknikariei gai horri buruzko prestakuntza emateko.

   Osalanek aurkezturiko txostenean langileen amianto-esposizioari aurre egiteko garatzen ari diren ekintza eta politika guztiak jasotzen dira; izan ere, amiantoa lan-ingurunean dauden substantzia minbizi-sortzaileetatik toxikoenetako bat baita. Sonia Perez Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan sailburuordeak ireki du jardunaldia. Beste eragile batzuek ere parte hartu dute bertan.

   Aipatu bezala, beste neurrien artean, detekzio-sistema bat ezartzea proposatu die Osalanek udalei, eraberritzeko eta birgaitzeko obra pribatuak zein udalarenak egiteko lizentziak eskatzen direnean obra horietan amiantoa dagoen ala ez jakiteko. Ildo horretan, Osalanek bere burua eskaini du udal teknikariei gai horri buruzko prestakuntza emateko.

   Urte askotan amiantoaren arriskuak ezkutuan egon dira substantzia horrekin kontaktuan lan egiten zuten langileentzat. Gai hori, bere ezaugarri fisiko eta kimikoengatik, eta daukan ekoizpen-kostu merkeagatik, asko erabili zen euskal industriaren sektorean eta eraikuntzan, joan den mendearen erdialdetik 2001. urtera arte; izan ere, urte horretan hasi baitzen aplikatzen Estatu Espainiarrean amiantoa erabili, ekoiztu eta saltzeko debekua.

   "Amiantoaren kalteak gizartean ez ikusteak eta haren erabilerak zekarren arriskua publikoki ez onartzeak zigor gehigarria ekarri die substantziak eragindako biktimei, langileei eta beraien familiei", azpimarratu du Lan sailburuordeak.

   Euskadin amiantoa duten produktu asko geratzen dira oraindik, eta datozen urteetan kendu egin beharko dira. Beraz, neurri handiagoan edo txikiagoan, amiantoa presente dago oraindik "gure bizitzetan, eta horrek erlaxatzea galarazten digu, eta Estatu eta Europa mailan dauden arautegiak zorroztasunez betetzera bultzatzen gaitu, baita lanean jarraitzera ere, laneko arrisku horren inguruko dibulgazioa eta sentsibilizazioa sustatzen", azpimarratu du Sonia Perezek.

   Osalanek laneko osasunari buruz gauzatzen dituen jardueretako askoren erdigunean amiantoari loturiko arazoak daude. Horren froga da gaur aurkeztu den txostenaren argitalpena, laneko arriskuei aurre egiteko prebentzioaren kultura zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoaren barruan kokatzen dena. Hain zuzen ere, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia (2011-2014) konpromiso horren emaitza da.

LANGILEEN ERROLDA

   Gaur egun, borondatezko erregistro bat dago eta erregistro horretan amiantoaren esposiziopean agian egon diren 5.719 langileren kasuak biltzen dira, haien osasuna zaintzeko. Langile horietatik, 4.254k amaitu dute beren lan-bizitza.

   Halaber, fitxategi horretan amiantoarekin lan egiten duten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 244 enpresa daude. Prozesu hori Osakidetza Osasunaren Euskal Zerbitzuaren laguntzarekin gauzatu da.

   Amiantoaren eraginpean egon diren langileentzat, Lan-ondoko Zaintza Programaren aldaketa prestatzen ari da orain Osalan, eta Osakidetzaren arreta espezializatura zuzenean bideratuak izateko aukera aztertzen ari da, azterketa erradiologikoak aldez aurretik eginda. Prozedura hori Osakidetzako Arreta Espezializatuko Zuzendariordetzarekin adostu beharko da.

   Horrez gain, amiantoaren esposiziopean egon diren langileen osasuna zaintzeko informazio-sistemak herritar gisa izan duten historia klinikoko informazioarekin konektatzeko ahalegina egiten ari da, informazio hori trukatzeko eta amiantoaren eraginpean egon diren langile horien osasunak nozitu dituen kalteak hobeto ezagutzeko.

   Hirugarren mailako prebentzioaren alorrean (errehabilitazioa eta kalteak sendatzea) Osalanek hitzarmen bat sinatu du Gizarte Segurantzako Espainiako Institutu Nazionalarekin amiantoaren eraginpean egon diren langileen lan-kontingentzia zehazteko beharrezkoa den informazio guztia emateko, eta kasuan-kasuan behar diren desgaitasunak, aldi baterakoak zein iraunkorrak, zehazteko.

   Hitzarmen hori Osakidetzak eta Osasun Sailak ere sinatuko dute, eta erakunde horiek eragindako langileei buruzko osasun-informazioa dute jada; hori beharrezkoa baita, edozein kasutan, GSINri bere egitekoetan laguntzeko.

   Horrez gain, amiantoaren esposizioaren prebentzioaren arloan, Osalan beste zenbait neurri prestatzen ari da. Horrela, legez kanpoko amianto-kentzen eta kontrolatu gabeko isurketak galarazteko prozedurak ezartzen ari da. Kasu horiek eraikuntzaren arloan izaten dira gehienbat, eta norbanakoek egin ohi dute. Horretarako erakundeen arteko akordio bat proposatzen da aldundien eta udalen artean, hondakin horiek arauei jarraiki kentzeko eta Administrazioek kontrolatzen dituzten hondakindegietan botatzeko sistema edo prozedura ezartzeko, partikularrei ahalik eta gastu gutxien eragiteko moduan.

   Halaber, EAEko udal guztiek detekzio sistema bat ezartzeko proposamena egin du, lanak egiteko lizentziak eskatzen direnean obra horietan amiantoa dagoen ala ez jakiteko. Baiezko kasuan, lizentzia hori eman ahal izateko, Lan Agintaritzak onartutako lan-plana aurkezteko eskatzea proposatzen da.

   Gainera,  proposamen hori errazte aldera, udal teknikariei prestakuntza emateko bere burua eskaini du Osalanek. Horretarako adostutako Prestakuntza Plana gauzatuko litzateke, eraikuntza-lanetan -pribatuetan zein udalenetan- amiantoa detektatzea helburu hartuta.

   Azkenik, Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen arteko erakunde-akordioak sinatuko ditu, amiantoa kentzeko lanak zaindu eta kontrolatzeko sistemak ezartzeko, lan horiek modu egokian egiten direla bermatze aldera.