Bakio eta Bermeo arteko errepidea (Bizkaia) berriro irekiko da ekainaren 21ean, behin-behinean

Actualizado: viernes, 17 junio 2011 13:59

BILBO, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Aurreko urteetan bezala, aurtengo udan ere zabalik egongo da Bakio eta Bermeo herri bizkaitarren arteko BI-3101 errepidea. Hain zuzen ere, ekainaren 21ean irekiko da, behin-behinean, eta errepidea erabiltzeko mugak egongo dira, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez.

Errepidea itxita egoten da neguan, galtzadaren oinarri den mendi-hegalean lur-jauziak gertatzeko arriskua dagoelako. Errepide hori udan zehar erabiltzeko jarriko diren baldintzak aurreko urteetakoen antzekoak dira.

Horrela, ibilgailu arinak -turismoak eta motozikletak- bakarrik igaro daitezke errepidetik. Plataformak ez du errei bi hartzeko zabalera nahikoa, eta beraz, semaforoak jarriko dira eta noranzko bietako ibilgailuak txandaka ibiliko dira.

Ibilgailuak egunez bakarrik ibiliko dira, tarte horretan ez baitago argirik egon daitezkeen oztopoak ikusten laguntzeko. Baimendutako gehieneko abiadura 40 km/h da, eta ezin izango da aparkatu errepide-tarte horretan. Errepidea urria arte egongo da zabalik, baldintza klimatologikoek lehenago ixtea eragiten ez badute.

Eremu horretako baldintza geologikoak nahiz geoteknikoak zaintzeko sistema bat ezarriko du Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailak, gerta daitezkeen gorabehera guztiak detektatzeko.

Foru erakundearen aurreikuspenen arabera, Bakio eta Bermeo artean eraikitzen ari den ordezko bidea errepide zahar hau negurako ixten denean zabalduko da.