Bakioko Udalak (Bizkaia) webgune berria dauka BiscayTIK proiektuaren baitan

Actualizado: viernes, 25 marzo 2011 13:14

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bakioko Udalak (Bizkaia) webgune beria dauka dagoeneko, Bizkaiko Foru Aldundiaren BiscayTIK proiektuan hilabeteetan zehar lan egin ondoren. www.bakio.org web-orri berria bihartik egongo da erabilgarri, Udal bizkaitarreko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Udalerriaren irudi berrian oinarritutako plataforma modernoa sortu da, "intuitiboagoa, erabilgarriagoa eta eduki berriekin". Webgune berriaren helburua herriko egoera "argi eta azkar" eskaintzea da, bai eta udal zerbitzuen, turismo- eta kultura-eskaintzaren eta Bakiori buruz interesgarria izan daitekeen guztiaren berri ematea ere.

Webgunea (www.bakio.org, orain arte bezala) ataletan banatuta dago eta udalerriaren informazio osoa biltzen du. Informazioen artean nabarmentzekoak dira udal baliabideak, gida turistikoak, euskararen mediateka eta ibilbideak, besteak beste.

Halaber, herritarren esku egongo dira ohiko 17 izapide eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan. Izapideek, webgunearen bidez, "udaletxeko ateak zabaltzen dituzte, bideratze telematikoa ahalbidetuz eta herritarren eta Administrazioaren arteko harremana estutuz", Bakioko Udaletik azpimarratu dutenez.

Horrela, bakiotarrek nahi duten lekuan eta momentuan egin ahal izango dituzte euren kudeaketak, denbora eta esfortzua aurreztuz eta, ondorioz, euren bizi-kalitatea hobetuz. Izapideak urrutitik egiteko aukera izateaz gain, pertsona bakoitzak bere izapideen egoera jakin ahal izango du edozein momentutan, horien historia ikusi ahal izango du eta, lehendik egindako ziurtagiri bat berriro behar izatekotan, agiria berriz inprimatzeko aukera emango zaio.

BiscayTIK proiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren asmo handiko apustua da, eta teknologia berrien bidez herritarren eta Administrazioaren arteko tartea txikitzea du helburu. Hori lortzeko, Bakiok "aurrerapauso handia" eman du udal aplikazioak eguneratuz.