Balenciagak "Deun" merkantzia ontzia itsasoratu du, ingurumenarekiko azken aurrerapenekin

Arantxa Tapia izan da "Deun" ontziaren amabitxia
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 31 marzo 2017 17:19

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

Balenciaga S.A. ontziolak "Deun" merkantzia ontzia itsasoratu du ostiral honetan, Pasai Donibaneko kaian. Ontziola gipuzkoarrak ingurumenari aplikaturiko azken aurrerapen teknologikoekin eraiki du ontzi berria Zumaian. "Deun" merkantzia ontzia 13:00etan bedeinkatu eta itsasoratu dute, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua izan da amabitxia.

"Deun" eta iazko urrian eman zen "Telmo" ontzi bikiak dira, 1921ean sortu zenetik Balenciagak uretaratu dituen bi ontzirik luzeenak, eta 34 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du. "Deun" ontziak 5.710 tona garraiatzeko edukiera, 99,99 metroko luzera eta 15,6 metroko zabalera ditu. Bestalde, 2.666 kw-eko propultsio motorra du.

Urola Shipping Slu sozietateari eman zaio. Sozietate hori 2015eko ekainean sortu zen, eta jabetzaren %100 Balenciaga S.A.-ren esku dago.
Zumaiako ontziolan egunero lan egiten duten 300dik gora pertsonek 15 hilabete behar izan dituzte ontzia eraikitzeko.

Karga orokorra, edukiontziak, ontziratu gabeko materialak, aleak eta ontziratu gabeko karga arriskutsuak garraiatzeko prestatuta dago ontzia. Zamategia Box motakoa da, 64,4 x 12,8 x 9,2 metrokoa, eta bereizketetarako bi trenkada mugikor ditu, karga behar bezala egokitzeko. Horrez gain, bi eskotila hidrauliko ditu, 'folding' motakoak, gainean edukiontziak eramateko aukera ematen dutenak, eta
Europako eta munduko ingurumen araudirik zorrotzenera egokituta dago.

Ihes keak iragazteko sistema du eta gehiegizko SO2 ezabatzen du. Gainera, lasta urak tratatzeko oso planta modernoa du txertatuta, joan den irailean mundu mailan onartutako araudiaren araberakoa.

Aipatu bezala, "Deun" eta "Telmo" ontziekin 34 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Balenciagak, eta "horrekin iraganean izan zuen posizioa berreskuratuko du", 1980ko hamarkadako sektorearen krisialdi handiarekin desagertu ziren Marítima del Gran Bilbao eta Naviera Uralar ontzi enpresetan partaidetzak izan baitzituen.