Banku Etikoaren Fiare proiektuak Ignacio Ellacuria saria jasoko du abenduaren 26an

Actualizado: viernes, 23 diciembre 2011 13:49

GASTEIZ, 23 Dic. (EUROPA PRESS) -

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Garapenerako Lankidetzaren Ignacio Ellacuria saria emango dio Banku Jarduera Etikoaren Fiare proiektuari datorren astelehenean, abenduaren 26an, Lehendakaritzako egoitzan, Gasteizen. Sariaren hirugarren edizioa da aurtengoa.

Lehendakaritzak ematen du sari hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, eta saritutako proiektuak lehendakariak Euskaditik kanpo bizi diren euskal herritarrei eskainitako harrera ekitaldian jasoko du.

Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da, Lehendakaritzan, eta bertan izango dira, banku jarduera etikoan partaide diren gizarte erakunde eta arduradunez gain, beste lurraldeetan lan egiten duten eta, Gabon egunak direla-eta, egun hauetan Euskadin dauden euskal herritarren ordezkariak.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta kanpoan bizi diren hainbatek hitz egin ondoren, lehendakariak Ignacio Ellacuria 2011 saria emango dio Peru Sasia Fiare proiektuaren zuzendariari eta ekitaldia amaitzeko hitzaldia egingo du.

Hirugarren edizio honetan, Ignacio Ellacuria sariaren epaimahaiak Fiare proiektuaren ekarpena aitortu nahi izan du, izan ere, balio espekulatiboetan oinarritzen ez den aurrezte-kreditu bitartekaritza zirkuitu iraunkor eta bideragarri bat finkatu ahal izan da finantza tresna horren bitartez.

Duela sei urte baino gehiago finantza jarduerari ekin zionetik, Fiare proiektuak sare solidario bat sortu du kreditua irizpide etikoz kudeatuta, pobreziaren kontra egiteko, emakumeen eskubideak defendatzeko eta baterako garapena bultzatzeko.