Barakaldoko (Bizkaia) tranbiak 17 geraleku izango ditu, horietako hiru metroaren 2. linearekin lotuta

Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 18:29

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Barakaldoko (Bizkaia) tranbiak 17 geraleku izango ditu guztira, eeta horietako hiru, metroaren 2. lineako Ansioko, Bagatzako eta Urbinagako geltokiekin loturik egongo dira, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila Euskal Trenbide Sarearen bitartez burutzen ari den Informazio Azterlanaren aurrerapenak azaldu duenez.

Barakaldoko udaletxean gaur burutu den bileran, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak, uda honetarako amaituta egongo den azterlanaren ondorio nagusiak jakinarazi dizkio Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkateari.

Eusko Jaurlaritzako eta Barakaldoko Udaleko teknikarien artean adostu den ibilbideak bederatzi kilometroko luzera izango du, eta, Urbinagako trukagunearen eta Ansioko eta Bagatzako geralekuen bitartez, metroarekin eta, Urbinagan, Renferen aldirietako trenarekin lotura izango duen hiri arteko zerbitzu gisa planteatzen da.

Aukeratu den alternatibak zerbitzua eskainiko die une honetan metroaren eta Renferen zerbitzu egokirik ez duten edo garraio zerbitzu publikorik ez duten Galindo, Serralta, Retuerto, Zuazo, San Bizenteko Dorreak edo Megapark bezalako guneei. Horrez gain, Megapark gainditu ondoren, ibilbide berria, hasieran aurreikusi bezala, Galindo ibaiaren erriberatik jarraitu beharrean, Santa Teresatik, Bagatzatik, Beurkotik eta San Bizentetik joango da, Urbinagan amaitzeko.

Hasierako ibilbideak, Beurko Zaharratik zihoana, aldaketa nabaria jasan du. Egindako aldaketarekin, zerbitzua jende asko jasotzen duten guneetara eraman ahal izango da, besteak beste, San Eloy Ospitalera, Kontserbatoriora edo lorategi botanikora.

Tranbia Urbinagan (Sestao) egongo den geltokitik abiatuko da. Bertan bat egingo du metroarekin eta Renferen aldirietako zerbitzuarekin. Tren arinaren ibilbideak itsasadarretik gertuen dagoen gunetik jarraituko du, eta geralekuak izango ditu Galindoko Ibarrean (Sestao), Labe Garaietan (Barakaldo eta Erandio lotzen dituen gasolinoaren aurrean) eta Desertun, Errontegiko zubiaren azpitik igaro baino pixka bat lehenago.

Lutxanan, tranbiak beste bi geraleku izango ditu: horietako bat egungo Renfeko geltokiaren ondoan, eta bigarrena auzoaren erdialdean. Ondoren, ibilbidea Bilbao Exhibition Centre-era (BEC) bideratuko da, eta bertan beste bi geraleku egongo dira: metroaren 2. lineako Ansioko geltokiaren ondoan eta Euskadi Etorbidean.

Retuertoko eta Zuhatzuko auzoek ere tranbiaren geralekua izango dute, Megaparkera heldu aurretik. Merkataritza-gune zabal horretan hiru geraleku aurreikusten dira: lehenengoak, Zuazorako bidea erraztuko du, eta beste biek zerbitzua emango diete Megaparki eta San Bizenteko Dorreei.

Azken geltoki hori gainditu ondoren, ibilbidea Barakaldoko erdigunera bideratzen diren bi adarretan bereiziko da. Bi adar horiek San Bizente eta Santa Teresa auzoetara joango dira, eta geralekuak izango dituzte Lorategi Botanikoaren inguruan, San Bizenten eta San Eloyn.

Azkenik, Bagatzatik igaro ondoren (lotura metroaren 2. linearekin), tranbiak Galindo ibaia gurutzatuko du, bide-zubiaren bitartez, eta Urbinagako hasierako geralekuarekin lotura izango du, Barakaldorik zerbitzua emango dion trazatu zirkularra itxiz.

LEIOARANTZ

Urbinagan jada, tranbiak Leioarantz jarraituko du. Zati horrek 1.702 metroko luzera izango du, eta bi geraleku izango ditu Sestaon: lehena Urbinagan eta bigarrena Rivas inguruan. Ondoren itsasadarra zeharkatuko du, 370 metroko luzera eta 19 metroko zabalera duen zubi baten bitartez. Zubi horrek ahalmena izango du tranbiaren bide bikoitza, bidegorri bat eta oinezkoentzako igarobidea jasotzeko.

Zubi igokariak, Zubi Eskegiak duenaren antzeko altuera lortu ahal izango du. Proiektu horren eraikuntza proiektua idazteko fasean dago. Aurrekontua 67 milioi euro ingurukoa da, eta burutzapenerako 22 hilabete beharko dira.

Une honetan, itsasadarraen ezkerraldea eta eskuinaldea lotuko dituen linea handi honetan arituko diren unitateen kotxetegiak eta tailerrak ari dira eraikitzen. Lineari esker, Barakaldon edo Sestaon bizi den ikasle bat zuzenean joan ahal izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campusera, besteak beste.

2011. urtea amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzaren zor gaitasuna handitu beharrik gabe inbertsio pribatua lortzeko aukera emango duen eraikuntzaren eta operazioaren emakidaren esleipena burutuko da. Esleipena lortzen duen enpresak edo taldeak linea osoa eraikiko du, hau da, Barakaldotik EHUraino, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak ETSren bitartez diseinatutako proiektuei jarraituz.