Barkosek dio Nafarroako Gobernuak "buelta eman" behar diela UPNren EAErekiko politikei

Uxue Barkos
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 25 junio 2015 11:11

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Uxue Barkos Geroa Bai alderdiko Nafarroako Presidentziarako hautagaiak adierazi du bere alderdiak, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak osatuko duten foru gobernu berriak "buelta eman" behar diela UPNk azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoarekiko (EAE) harremanetan martxan jarri dituen politikei.

   ETB 1en egindako eta Europa Press berri agentziak jasotako elkarrizketa batean, Uxue Barkosek esan du "une historikoa" bizitzen ari direla nafarroan, "oso momentu berezia, politikoki ederra eta sakona".

   Horrela, une honetan Nafarroan presidente abertzale bat izatea eta normaltasun osoz lan egiten ikustea, "jende askorentzat benetan oso momentu berezia" izango dela azpimarratu du, Nafarroaren gehiengoa abertzalea ez dela "oso argi" duten arren.

   Zentzu honetan, Barkosek ziurtatu du Nafarroaren aniztasuna ez dela arazo bat, baizik eta "gure errealitatea, gure pertsonalitatearen errealitatea", eta alderdi horretan lan egin behar dutela nabarmendu du.

   "Posible da Presidentzia abertzale bat izatea Nafarroan, nahiz eta Nafarroaren gehiengoa egun abertzalea ez den. Aldaketak integratzailea izan behar du. Ez da posible UPNk orain arte egin duena errepikatzea, eta honetan ere aldaketaren aldeko taldeak bat gatoz", azaldu du.

"BELDURRAREN DISKURTSOA"

   Halaber, "beldurraren diskurtsoa" kanpainaren aurretik eta kanpaina bitartean izan dela esan du, "gehienbat UPNk erabilita", baina gogorarazi du dirkutso horrek ez duela lortu benetako eraginik maiatzaren 24ko foru hauteskundeetan. "Beldurraren diskurtsoari lan on batekin erantzungo diogu", ziurtatu du

   Ildo horretan, beharrezko politiken artean, UPNk EAEri begira azken urteetan egin dituen politikei "buelta ematea" dagoela berretsi du, "beti erabaki baitu bizkarra ematea, besteak beste, Akitaniaren eta EAEren euroeskualdetik ateraz, ETBren emisioa behin eta berriz oztopatzen edota euskaraz egiten duten hedabideei oztopoak jartzen". Halako gauzei "normaltasun osoz" erantzungo dietela adierazi du.

   Gainera, eta horrekin batera, "gestio sozial sakon bat" hasiko dutela azpimarratu du, "azken 4-8 urteetan PPren politikak besterik ez dituelako jarraitu". "Eta hori nabaritzen da gaur egun sozialki Nafarroan. Nahiz eta gure egoera ez den estatuarekin alderatuta hain makala, sozialki arazo benetan larriak ditugu, pobreziari edo langabezia begira, eta hor ere erronka ederra dugu", esan du.