Basauriko Urbi Institutuko ikasle talde batek Euskaltzaindia bisitatu du

Urbi Institutuko ikasleak Euskaltzaindian
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 21 noviembre 2014 16:51

BILBO, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Basauriko (Bizkai) Urbi Institutuko ikasle talde bat Euskaltzaindian izan da gaur, azaroaren 21ean, eta Akademiaren zereginaren berri zehatza izan du, Aritz Abaroa EHHA egitasmoko teknikarien eskutik.

Akademia ezagutu nahi duten talde guztiekin egiten duen bezala, Urbi Institutuko ikasleei ere hitzaldi laburra eman die Aritz Abaroak, eta euskararen inguruko zehaztasun batzuk jakinarazi dizkie, Euskaltzaindiak adierazi duenez.

Bestalde, Euskaltzaindiaren historia modu laburrean biltzen duen bideo bat ikusi dute. Bideo horretan, Euskararen Akademiaren aurrekariak, sortze prozesua edota helburuak dira hizpide, besteak beste. Euskaltzaindiaren Iker eta Jagon sailetako batzordeen lanak ere aipatzen dira.

Ondoren, Euskaltzaindiaren webgunean sartu da Abaroa eta bertan aurkitu ditzakegun tresnak erakutsi dizkie neska-mutilei. Horren ostean, osoko bilkurak egiten diren aretora eta Azkue Bibliotekara eraman ditu.