Baserriko zenbait lanabesen izenak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 8. liburukian

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren zortzigarren liburukia
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 30 junio 2017 16:43

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) zortzigarren liburukia eta batera argitaratu den CDa aurkeztu dira ostiral honetan Baionan, Herriko Etxean. Liburuki berriaren lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Euskaltzaindiak "lan mardul bezain aberatsa".

Aurkezpen ekitaldian izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Egibar Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria, Adolfo Arejita EHHA proiektuaren zuzendari akademikoa eta Xarles Videgain EHHA proiektuaren arduradun teknikoa.

Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, sukaldeko ontzi eta tresnak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburuan.

Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi (bereziki, sintaxiari dagozkionak) landu dira.

Orain arte, EHHAren zortzi liburuki kaleratu dira, eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Zortzigarrena ostiral honetan bertan jarri dira publikoaren eskura. Horrez gain, bosgarren liburukia ikusgai eta entzungai dago webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakur daiteke, osorik; bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke. Seigarren liburukiaren audioak ere eskegita daude Euskaltzaindiaren webgunean.

"ERREFERENTZIAZKO EDUKI"

Adolfo Arejitak aurkezpenean azaldu duenez, "Atlas honen gai esparrua tradizioko munduari eta bizimoduari dagokio bete-betean, eta liburuki honen edukiak ere mundu aberats horretan murgiltzen gaitu lehen partean, berorren esparru batzuetan".

"Atlasaren balioa datza, besteak beste, erreferentziazko eduki bihurtu dela egungo eta geroko belaunaldiei buruz. Gure aitzineko euskaldun izan direnen ondare bizia dugu Atlasa, hala irakaskuntzan, hala aisialdian, hala bestelako euskara biziberritzeko ariketa eta jardueretan lagungarri eta osagarri gertatuko dena", adierazi du.

Halaber, Xabier Egibarrek nabarmendu du honelako proiektu bat "borondate askori esker" egiten dela, eta, hain zuzen, Laboral Kutxaren "betiko borondatea" izan dela "ondare hau berreskuratu eta belaunaldi berrien eskura jartzea". "Atlas honen balioa ez da bakarrik linguistikoa, gure arbasoen ekandu eta bizitza ezagutzeko aukera aparta ematen digulako. Honela, ezaugarri linguistikoei etnografikoak gehitzen zaizkie", gaineratu du.

Azkenik, Andres Urrutiaren hitzetan, "Ipar Euskal Herrian aurkeztu da lehenengoz lan dialektologiko indartsuenaren ale berria, eta horrek erakusten du euskararen batasuna Euskal Herri osoan, eta erakusten du, baita, batasun horrek aniztasunean daukala oinarria".