Basoko faunaren gaixotasunak eta etxeko espezieetara egon daitekeen transmisioa aztertzen ari da Neiker

Neikerreko ikertzaile bat
NEIKER-TECNALIA
Actualizado: viernes, 22 enero 2016 15:41

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea basoko faunaren gaixotasunei eta etxeko espezieetara gertatu daiteken transmisioari buruzko ikerketa bat egiten ari da, eta horiek prebenitzeko eta tratatzeko neurriak aztertu ditu. Jasotako informazio guztia administrazioetako teknikariak, animaliak suspertzeko zentroak eta basoko faunaren kudeaketari lotutako elkarteak eta erakundeak biltzen dituzten topaketetan zabaltzen da.

   Ikerketa hauek Neiker-Tecnaliak Euskadin basoko espezieen Osasun Zaintzarako Programan egiten duen lanaren baitan daude, eta helburua da animalien osasunean eta osasun publikoan eragin berezia duten patologiek ingurune naturalean duten prebalentzia eta banaketari buruz informazio osatuagoa jasotzea, horien artean egonik hegazti gripea eta tuberkulosia.

   Erakundearen arabera, hainbat gaixotasunen azterketa epidemiologikoa egiteko tresnarik onenetakoa zaintza planak ezartzea da, batez ere gizakiarengana eta etxeko abereengana transmititu daitezkeenei dagokienez. Lanaren emaitza gisa, Neiker, Elikarekin eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin lankidetzan, gida eta bideo bat argitaratu du, "Basabereen zainketa sanitarioa. Ehiza animalien laginak hartzeko gida" izenburupean, zeina lurralde osoan banatuko den eta Neikerren webgunean ere eskuratu ahal izango den.

   Gidaren bitartez, basoko faunaren hainbat gaixotasunen osasun zaintza eta kontrol egokia egiteko analisiak egiteko zein lagin behar diren zehaztu nahi da, baita laginak akabatutako animalietan lokalizatzeko eta jasotzeko modua eta zein den kontserbatzeko modurik onena laborategira bidali bitartean. Laginak hartzeko xehetasuna bideoan ikusi daiteke, basurdea adibidetzat hartuta.

   Euskadin basoko espezieen osasun zaintzaren helburu nagusia da basoko faunaren osasun egoera zehaztea. Horretarako, haien habitat naturalean jasotako animaliak edo ehizako espezieen erraiak Neiker-Tecnaliako laborategietara bidaltzen dira. Bilketa EAEko hiru aldundien eta basoko fauna kudeatzen duten beste organo batzuen laguntzarekin egiten da. Gorpuen azterketak heriotzaren kausak zehaztea ahalbidetzen du, eta, heriotza gaixotasun baten ondorioa izan bada, horren kontrola kudeatzeko hartu beharreko neurriak abiarazten dira.

   Aztertutako animaliak dira basurdeak, orainak, orkatzak, erbiak, hainbat karraskari eta hegazti espezie, eta baita hainbat haragijale ere, hala nola azkonarra eta azeria. Ikertzaileek gaixotasunen presentzia aztertzen dute, hala nola hegazti gripea, behien tuberkulosia, yersiniosia eta hidatidosia, baita mihi urdina, mukieria eta hazteria ere, besteak beste.