Basque Audiovisual Cannesko MIPCOM azokan egongo da azken joeren berri izateko eta negozio aukera berriak sortzeko

Actualizado: viernes, 30 septiembre 2011 18:15

BILBO, 30 Sep. (EUROPA PRESS) -

Basque Audiovisual markaren standa Cannesko MIPCOM jaialdian egongo da berriro. Ikus-entzunezkoen munduko ekitaldi nagusietako bat den MIPCOM azoka urriaren 3tik 6ra egingo da aurten, eta Basque Audiovisual bosgarren urtez egongo da han, euskal industriarako merkatuak handitzeko eta sektoreak mundu mailan duen bilakaerari erreparatzeko, Etxepare Institutuak eta Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak jakinarazi dutenez.

Horren harira, Basque Audiovisualen standak euskal ikus-entzunezkoen jardueraren "aterki" gisa funtzionatuko du berriro, eta hainbat enpresak parte hartuko dute. Horrela, MIPCOMen egongo diren enpresen artean daude, besteak beste, 3Koma (formatuen ekoizpena), Bainet (animazioa), Baleuko (animazioa), Expressive (banaketa), Idem 4 (dokumentalen ekoizpena), K 2000 (telebistako saioak), Mediabask (animazioa), Pausoka (formatuak), Silverspace (animazioa), Sonora, (TBko saioak eta dokumentalak), Vilau (internet eta zuzeneko saioak), InteracTVT (telebista interaktiborako teknologia) eta EiTB.

Ekimen honen bidez, euskal enpresek beren produktuak ezagutzera eman, kanpoko merkatuetara sartu, lankidetzarako proposamenak jaso, edo negoziorako ideia berriak har ditzakete. Horren harira, MIPCOM ikus-entzunezkoen nazioarteko topaketa nagusietako bat bilakatu da, eta horren erakusle da ekoizleen, erosleen, saltzaileen, finantza-agenteen eta banatzaileen parte-hartze handia, horrek sortzen dituen negozio aukerekin.

Aurten, MIPCOMek erakusketa azalera izugarri handia izango du berriro, eta jarduera egitarau zabal bat, profesionalen arteko bilerak, "matchmakings" delakoak eta hizlariekin topaketak antolatzeko aukera eskainiko duena. Basque Audiovisualek, iaz bezalaxe, Riviera Hallen kokatutako R31.29 standa izango du, eta enpresen produktuak erakusteko ikus-entzunezko teknologiaz egongo da hornituta.

Halaber, Basque Audiovisual markak internet bidezko on-line gida komertziala du (www.basqueaudiovisual.com), eta tresna eraginkorra da bai aldez aurretik harremanetan jartzeko bai bezero nahiz kolaboratzaile izan daitezkeenekin lan topaketak finkatzeko, azokak irauten duen bitartean.

Honelako ekimenetan, markari lotutako sustapenaz gainera, Basque

Audioviusalen jardueraren izaera erabat komertziala eta profesionala da. 2007an sortu zen, eta orduz geroztik euskal enpresak nazioarteko bihurtzeko "ezinbesteko tresna" izan da Basque Audiovisual marka; izan ere, horren bidez, enpresak are ezagunago egin dira, eta merkatu batean kokatu dira, non jarduera egokiak, azken joerak, eta, bereziki, negozio aukera berriak dauden eskura.

Azken urteotako esperientziaren ondoren, Basque Audiovisual bitarteko gisa eratu da, euskal konpainien presentzia edukien munduko merkatuan dinamizatzeari begira. "Sartzea zaila da, baina aldi berean ezinbestekoa, merkatu globalizatu horren testuinguruan bereziki garrantzitsua baita enpresei euskarri bat ematea ahal bezain beste bezero, banatzaile eta koproduktoreengana iristeko", adierazi dute.

LANKIDETZA HITZARMENA

Etxepare Euskal Institutuak eta Eikenek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, euskal ikus-entzunezkoak atzerrian sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak egiteko, hala nola nazioarteko azoka eta jaialdietara joatea, sektorea sustatzeko ekintzak egitea edo Basque Audiovisual marka finkatzeari lotutako ekimenak.

Hitzarmen hau Institutuak ikus-entzunezkoen arloan egindako ahaleginari batu behar zaio. Izan ere, 2011. urtean 70.000 euro jarri dira euskal ikus-entzunezko enpresek nazioarteko azoketan parte har dezaten, iaz baino 30.000 euro gehiago. Horri esker, azoka horietara joateko diru-laguntzak jasotzen dituzten ekoizleen kopurua nabarmen areagotu da; zehazki, 2010ean 36 joan ziren, eta aurten, berriz, 37.

Horrez gainera, aurten, ekoizleek laguntza eska dezakete beste bi azokara joateko: Parisko Different 4 eta Guadalajarako Iberoamerikako

Zinemaldia (Mexiko).

Institutuak arlo honetan egindako ahalegin ekonomikoaz gainera, Guadalajarako Zinemaldian eta Donostia Zinemaldian antolatutako Euskadi-Mexiko baterako produkziorako topaketak aipatu behar dira.