Basque Culinary Centerrek udaleku gastronomikoak antolatuko ditu Gipuzkoan, Madrilen eta Malagan

Iazko udalekuetako bat
BASQUE CULINARY CENTER
Actualizado: lunes, 27 marzo 2017 14:02

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Basque Culinary Centerrek (BCC) berriro antolatuko ditu BCulinary Udan izeneko udaleku gastronomikoak. Gipuzkoan, Malagan eta Madrilen izango dira aurten, eta jada irekita dago izena emateko epea. Guztira, bost udaleku egongo dira kozinatzea gustuko duten gazteentzat: bi 12-14 urteentzat eta hiru 15-17 urteentzat. Hala bada, kanpamentuek gastronomia eta sukaldaritzarekiko grina duten nerabeei mundu hori hurbiltzea bilatuko dute aurten ere.

BCC-k jakinarazi duenez, egonaldi osoko hamar eguneko egitaraua prestatu du (egutegi ezberdina egongo da toki bakoitzean). Izena ematen duten gazteek, sukaldaritzaren sekretuak "era praktiko eta dibertigarrian" ezagutzeaz gain, "kozinatzeko erabiltzen diren produktuei buruz jakin beharreko guztia ere ikasiko dute", hainbat jardueraren bitartez.

Gauzak horrela, gastronomiaren sekretuak ezagutzeko aukera izango dute 100 nerabek (20 kanpamendu bakoitzeko), eta sukaldaritzaren mundura gerturatuko dira horiei esker, arlo horrekin zerikusia duten tailer praktikoak, irteerak zein bisitak eginez.

Parte hartzaileak hainbat jardueratan murgilduko dira egunerokoan, gonbidatutako chefak gidari, eta, besteak beste, errezeta tradizionalak eta nazioartekoak prestatuko dituzte, sukaldaritza teknika berritzaileak ikasiko dituzte, eta kozinatzeko orduan erabiliko dituzten produktu nagusiak nola ekoizten diren ezagutuko dute. Horrez gain, interes handiko irteerak eta bisitak ere egingo dituzte, baita denbora libreko bestelako jarduerak ere.

Gipuzkoan, BCC-k bi udaleku gastronomiko antolatuko ditu Fraisoro Nekazaritza Eskolan, Zizurkilen, gaztelaniaz. Kanpamentu hau aukeratzen dutenek, ardi latxen gazta egin ahal izango dute bertako artzainekin batera. Horrez gain, Basque Culinary Center edo Donostia eta Alde Zaharra ezagutu ahal izango dituzte. Lehenengo kanpamentua (ekainaren 28tik uztailaren 7ra arte) 12 eta 14 urte arteko nerabeentzat da, eta bigarrenean, berriz, 15 eta 17 urte arteko nerabeek izango dute parte hartzeko aukera (uztailaren 10etik 19ra arte). Prezioa 750 euro izango da.

MALAGA ETA MADRIL

Bestalde, BCulinary Udan udalekua Malaga hiriko Kultura Garaikidearen Sorkuntza eta Ekoizpen Zentro berrian egingo da (La Térmica). Kanpamentu hau aukeratzen dutenek, Malagako erdigune historikoa bisitatu ez ezik, produktuen denborazkotasuna ere ezagutuko dute hiriko Merkatu Nagusia, baratzeak eta arrantza portua bisitatuko baitituzte. Kanpamentu hau (ekainaren 28tik uztailaren 7ra arte) 15 eta 17 urte arteko nerabeentzat da eta 750 euro balio ditu.

Azkenik, Culinary Camp Madrid mundu osotik datozen nerabeentzako kanpamentu gastronomikoa izango da, ingelesez, eta BCC-k bi kanpamentu gastronomiko antolatuko ditu Gredos San Diego Eskolarekin elkarlanean. Ingelesez izango dira biak. Madrilgo kanpamentua aukeratzen dutenek, beste hainbat jardueraz gain, Buitrago Erdi Aroko herria ere bisitatuko dute (hango harresia, gaztelua edo Picasso museoa). Horcajuelo de la Sierra herrian indaba mota ekologikoaren baratze bat ezagutuko dute, eta Slow Food 0 kilometroaren kontzeptuan murgilduko dira.

Kanpamentu hauek 12-14 eta 15-17 urte bitarteko nerabeentzat dira, eta uztailaren 1etik 10era arte bitartean izango dira biak. Kanpamentu bakoitzak 800 euroko prezioa du. Prezioak honako hauek hartzen ditu barnean: mantenu osoko egonaldia, tailerrak egiteko materiala (mantala eta dokumentazioa), sukaldaritza irakasleak, monitoreak, sukaldariak, aurreikusitako irteerak eta istripu asegurua.