Batera Rock Eguna ospatuko da Bermeon datorren larunbatean

Batera Rock Eguna Bermeon
Foto: EUROPA PRESS
Actualizado: lunes, 8 junio 2015 18:12

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Nuntxaku Kultur Elkarteak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta Bermeoko Kafe Antzokiak Batera Rock Eguna antolatu dute datorren larunbaterako, ekainaren 13rako, Trigger Travis, El Desvän del Macho, Perlak, Villapellejos, Capitán Entresijos, Los Amantes eta Fabuloso Combo Espectro taldeekin. Saioak eguerdi aldera hasi eta goizaldean bukatuko dira, disko jartzaileekin, antolatzaileek Europa Press berri agentziari adierazi diotenez.

   Modu honetan, Bermeoko I. Batera Rock Eguna 13:30ean hasiko da, Castelloko Los Amantes taldeak Beleza Malandra ateneoan eskainiko duen kontzertuarekin. Jarraian, jai giroa Nuntxaku Kultur Elkarteak kudeatzen duen Kapilla aretora lekualdatuko da, 15:00etatik aurrera herri bazkaria izango baita bertan.

   Bazkaldu ondoren, musika bueltatuko da, Villapellejos talde bilbotarrak eta Fabuloso Combo Espectro banda madrildarrak 17:00etan hasita Kapillan bertan eskainiko duten emanaldiarekin.

   Kapillako saioak bukatuta, Batera Rock Eguna Beleza Malandra ateneora itzuliko da, Capitán Entresijos talde madrildarrak kontzertua emango baitu bertan 20:00etatik aurrera. Hurrengo emanaldia Kafe Antzokian izango da, 21:00etan, Trigger Travis talde giupuzkoarrarekin.

   Kafe Antzokitik Beleza Malandrara joango da berriro Batera Rock Eguna, El Desvän del Macho gipuzkoarrek joko baitute 22:00etatik aurrera, eta kontzertuekin bukatzeko, 00:30etik aurrera, Perlak talde gipuzkoarrak joko du, Kafe Antzokian. Bermeoko I. Batera Rock Eguna Beleza Malandra Ateneo Kulturalean bukatuko da, 02:00etatik aurrera DJ Mambru eta DJ Brown disko jartzaileek prestatu duten emanaldiarekin.

   Kontzertuetarako sarrera mugatua izango da, aretoak bete arte, eta, hori dela eta, antolatzaileek 5 euroko bonua erostea gomendatu dute (8 euro bazkaria barne hartuta). Bonuak Luma liburudendan, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean eta Bermeoko Kafe Antzokian salgai daude.