Batxilergoko 50 bat ikasle ariko dira bihar Matematikako 47. Olinpiadaren eskualde mailako fasean EHUn

Actualizado: jueves, 20 enero 2011 15:08

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Matematikako 46. Olinpiadaren lehenengo fasea -eskualde mailakoa- egingo da bihar Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko hitzaldi aretoan, Leioako campusean, 9:30etatik aurrera. Olinpiada Espainiako Matematika Elkarteak antolatzen du, EHUko Matematikako irakasleen laguntzaz. Olinpiadako lehen fase honetan 2010-11 ikasturtean Batxilergoan matrikulaturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztiek parte har dezakete, eta oraingoan 50 bat ikasle ariko dira.

EHUko iturriek adierazi dutenez, fase honetan lehiakideek hiru problema ebatzi behar izango dituzte goizean (9:30etatik aurrera) eta beste hiru arratsaldean (15:00etatik aurrera). Saio bakoitzean hiru ordu eta erdi izango dituzte hiru problemak ebazteko. Frogak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke, eta idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin dira erabili, hau da, kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak debekatuta daude.

Lehen postua lortuko duenak 380 euro jasoko ditu, bigarrenak 285 eta hirugarrenak 220. Gainera, hiru irabazleok bigarren fasera (Estatu mailakora) igaroko dira. Fase hori Iruñean izango da, martxoaren 24tik 27ra bitartean. Bigarren fase horretan lehenengo sei sailkatuei urrezko domina eta 750na euro emango dizkiete, eta gainera nazioarteko talde olinpikora pasatuko dira, Nazioarteko 52. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko, uztailean, Amsterdamen. EHUk, ohi bezala, Olinpiada prestatzeko tailer bat antolatu du.