Batxilergoko 9.552 ikaslek egingo dute EHUn unibertsitatera sartzeko proba

Unibertsitatera sartzeko probak asteazkenean hasiko dira EHUn
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 8 junio 2015 16:30

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Batxilergoa bukatu duten 9.552 ikaslek Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egingo dute unibertsitatera sartzeko proba, iaz baino %2,78 gehiagok. Igoerak hiru campusetan gertatu dira: Araban %4,78 gehitu da, Bizkaian %5,01, Gipuzkoan %0,73 jaitsi den bitartean. Gainera, ikasle guztien artetik, 6.442k euskaraz egingo dute proba, eta 3.110 gaztelaniaz, eta %54,04 emakumeak dira eta %45,96 gizonak.

   EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Batxilergoko ikasleez gain, goi mailako heziketa ziklo bat egin duten eta fase espezifikora besterik aurkeztuko ez diren beste 651 ikaslek ere egingo dute proba. Azterketak asteazkenetik ostiralera bitartean egingo dira.

   Probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu. Bost azterketek osatzen dute: Gaztelania eta Literatura; Euskara eta Literatura; Filosofiaren Historia edo Historia; Atzerriko Hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak nahi duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

   Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

FASE ESPEZIFIKOA

   Fase espezifikoa borondatezkoa da, eta arlo jakin batzuetan ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna neurtzea du helburutzat, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko.

   Parte espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango dituzte.

   Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera.

   Unibertsitatera sartzeko probak asteazken goizeko 08:45ean hasi eta arratsaldeko 18:45ean bukatuko dira. Ostegunean, ekainaren 11n, 09:00etatik 18:45era arte izango da proba, eta ostiralean, ekainaren 12an, 09:00etatik 15:00etara.