Batxilergoko ikasleek EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko laborategiak erabili ahalko dituzte

Actualizado: lunes, 11 enero 2016 17:07

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean egingo den "Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai" programari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Batxilergoko ikasleek fakultateko irakaskuntza laborategiak erabiltzeko aukera izango dute. Ekimenaren helburua ikasleengan zientzia honenganako arreta piztea eta bertako instalazioak eskaintzea da, belaunaldi berriak fisikak egungo munduan duen oihartzunaz jabetu daitezen.

   Batxilergoko 180 bat ikaslek parte hartuko dute Nerea Zabal Unzalu eta Ibon Sagastabeitia Buruaga irakasleek koordinatutako deialdi honetan. Ikasle horiek 35 ikastetxetatik etorriko dira, 105 inguruk euskaraz egingo dute jarduera, eta gainerakoek gaztelaniaz. Goizeko eta arratsaldeko taldeetan banatuta egongo dira, eta binaka egingo dute lan laborategiko bost praktiketan.

   Horrela, "Fisika mikrouhin labean" moduluan, ikasleek fisika pixka bat "prestatuko" dute mikrouhin labean. Lehen errezetaren edo esperimentuaren bidez, mikrouhin labeen segurtasuna egiaztatu ahal izango dute, uhinek labetik "ihes" egiten duten aztertuz. Bigarren errezetan, mikrouhinean objektu metalikoak erabiltzeak dituen ondorioak behatuko dituzte, eta azkenik, gomazko gozokien errezeta erraz baten bidez, argiaren abiadura zehatz dezaketela ikusiko dute.

   "Difrakzioa, CDak eta espektroak" izeneko praktikan, ikasleek argiaren uhin izaeraren alderdi interesgarri bat aztertuko dute, eta ezagutza hori etxeko materialekin (CDak edo DVDak) espektroskopio bat sortzeko erabiliko dute. Hala, mundu mikroskopikoaren propietate batzuetara gerturatu ahal izango dute.

   "Motor elektrikoa" kapituluan, elektromagnetismoaren funtsezko lege bat landuko dute, hain zuzen ere, egungo teknologiaren motorretako bat bihurtu dena: indukzio elektromagnetikoa. Gure inguruko teknologiaren %70 indukzio elektromagnetikoaren legean oinarrituta dagoela esan ohi da.

   Lege horrek aplikazio ugari ditu. Indukzio elektromagnetikoaren legea ulertzeko zenbait esperimentu aurkeztuko dizkiete ikasleei, baita garrantzi teknologiko handia duen indukzioaren aplikazioetako bat ere:  motor elektrikoak. Korronte zuzeneko motorrak (edonork egin ditzake etxean, esfortzu handirik gabe) eta indukzio motorrak (esaterako, garbigailuen barnean aurki daitezkeenak; bertako ura ponpatzea dute helburu) aurkeztuko dizkiete.

"FISIKA HUTSEAN"

   "Fisika hutsean" moduluan, ikasleek presio atmosferikoak eguneroko objektuen portaeran duen eragina aztertuko dute. Horretarako, objektu horiek presiorik gabe, huts egoeran, duten portaera behatuko dute. Besteak beste, hutsean paper zatitxo bat metalezko bola baten abiadura berean erortzen dela ikusiko dute, baita hutsean soinua ez dela hedatzen ere (argia bai ordea). Horrez gain, airean pisu bera dutela diruditen gorputzek hutsean pisu desberdina dutela eta giro tenperaturan ura irakin daitekeela ikusiko dute.

   Azkenik, "Irratia" praktikan irrati igorle komertzial baten irrati maiztasuneko seinale bat jaso eta haren edukia entzuteko gai izango dira ikasleak, daraman informazioa atera ondoren.

   Ikasleek bost proposamenetatik hiru gauzatuko dituzte, eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisikako ikerketa laborategi bat eta ingeniaritza elektronikoko beste bat bisitatuko dituzte.