Batz kooperatibak laugarren fabrika ireki du Txinan

Batz enpresak Txinan ireki duen laugarren fabrikaren inaugurazioa
IREKIA
Actualizado: viernes, 20 enero 2017 11:12

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta Kunshaneko agintariek Mondragon Taldeko Batz enpresak Txinan ireki duen laugarren fabrika inauguratu dute ostiral honetan. Konpainiak sei milioi eurotik gorako inbertsioa egin du instalazio berrian.

Joan den astelehenetik, Javier Zarraonaindia Industria sailburuordea, Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusia, Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotze zuzendaria eta Miren Madinabeitia SPRIko Nazioartekotze zuzendaria buru dituen euskal ordezkaritza Txinan dago, misio komertzial eta instituzionalean, eta misio horren barruan egin da inaugurazio ekitaldia.

Aste osoan zehar, euskal ordezkaritzak bilerak egin ditu Txinan kokatutako hainbat euskal enpresarekin, bai eta Jiangsuko Gobernuarekin eta zonaldeko enpresa ganberarekin, Txinako handienarekin, 170.000tik gora enpresa baititu.

Kunshan enpresa parkean egin den inaugurazio ekitaldian, Zarraonaindia Batz enpresaz mintzatu da. Mondragon Taldean integratuta dagoela zehaztu du, "munduko talde kooperatibo garrantzitsuenean", eta lan egiteko modu bat eta garapen ekonomiko bat ordezkatzen duela azpimarratu du, "oso berezia, maitea eta goraipatua dena bai gure lurraldean eta bai handik kanpo".

Jaurlaritzako ordezkariak nabarmendu du "oso garrantzitsua" dela euskal ekonomiarentzat Txinan fabrika berri hori ireki izana. "Onenen ondoan egon beharra daukagu, ondo diharduten herrialdeengandik ikasi behar dugu, eta gure hondar aletxoa jarri nahi dugu hartzen gaituzten herrialdeen garapen ekonomikoan", esan du.

Fabrika berria Kunshan enpresa parkean ireki izana "arrakasta eredu bat" dela eta eskualde horrek inbertsio onenak atzemateko nolako aukerak dauzkan erakusten duela azpimarratu du Indusrtia sailburuordeak.

Bere esanetan, Euskadi saiatzen da Txina bezalako potentzia ekonomikoekin lehiatzen, eta tarteka lortu ere lortzen du. "Neurri batean, lortzen ari bagara, enpresa arloko tradizio historikoa dugulako eta kudeaketa politikoko eta garapen ekonomikoko estrategia bat daukagulako da. Nazioartekotzea, berrikuntza eta 4.0 Industria helburutzat dugun ekonomiaren ardatz estrategikoak dira, eta ildo horri heldu diote gure enpresa eta enpresa talde onenek", ziurtatu du.

BATZ, EREDU

Horrela, Javier Zarraonandiak adierazi du Batz enpresa horren guztiaren eredu dela, "hau da, onenak izan behar dugu ondoen egiten dugun horretan, eta Batz enpresak berak biltzen dituen arloez ari naiz, makina erremintaz, automozioaz, energiaz eta sektore aeroespazialaz".

Fabrika berriak osatu egingo du euskal enpresak Kunshan industria parkean estanpazio prozesuetarako duen beste instalazioa. Produkzio fabrika berriak eraikitako 4.200 metro koadro ditu: 3.400 enpresarentzat izango dira, eta 500 metro koadro bulegotarako erabiliko dira.

Txinara egindako misio komertzial eta instituzionala amaitzeko, euskal ordezkaritzak topaketa bat egin du Shanghain kokatuta dauden euskal enpresekin, non 40 konpainia inguruk parte hartu duten. Gaur egun, 133 euskal enpresa daude Txinan (Hong Kong eta Taiwan eskualde administratiboak barne), eta 222 ezarpen dituzte, produkziokoak eta merkataritzakoak. Gehienak herrialdeko kostaldean kokatuta daude, bereziki Shanghain eta Jiangsun. Konpainien ia erdiak makina eta ekipo mekanikoen sektorekoak dira.

Zarraonandiak ekitaldian azpimarratu du Txinara egindako bidaia hau Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak legealdi berrian egin duen lehen bidaia ofiziala dela. "Ez da kasualitatea. Euskadiko enpresa trakziogile garrantzitsuenak hemen zaudete kokatuta. Ikusi dugu euskal enpresak lehiakortasun maila handia erakusten duela Txinan", esan du.

Orobat, adierazi du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko estrategiak garrantzi handia ematen diola "ondoen egiten dugun horretan espezializatzeari". "Zuek zarete estrategia horren eredua", azpimarratu du.