BBK-k enpresentzako aukera-berdintasunari buruzko gidaliburua plazaratu du

Actualizado: martes, 26 abril 2011 16:18

BILBO, 26 Abr. (EUROPA PRESS) -

BBK-k enpresentzako aukera-berdintasunari buruzko gidaliburua plazaratu du. Finantza-erakundeak duen esperientzian oinarrituta, berdintasuna sustatu nahi duten enpresa eta erakundeentzako eskuliburu erabilgarria da. Bildu duen ondorioetako batek dio berdintasunaren alde lan egiten duten enpresek emaitzak hobetzen dituztela, krisi garaian batik bat.

BBKren esperientzia oinarri hartu eta beste enpresa eta erakunde sozialentzat adibide lagungarria izan dadin, "BBK Begiradak" bildumako liburu berri honek generoen arteko oreka bermatzeko irizpideak ezarri nahi dituzten antolakuntzentzat gida izan nahi du, erakundeok adibide zehatzen bidez berdintasunaren aldeko lehen urratsak egin ditzaten.

2003an BBK izan zen enpresa handien artean lehenetakoa bere jarduera guztian berdintasunaren aldeko konpromisoa onartu eta ezartzen. Ordutik, genero arrazoiengatik ez du bazterkeria-irizpiderik ezartzen hautaketa eta lan-sustapen prozesuetan, ez eta bezeroekin, hornitzaileekin eta, oro har, gizartearekin dituen harremanetan ere.

Berdintasunaren aldeko lehenengo Planak ezarri zituen helburu gehientsuenak bete ondoren, bigarren Berdintasunaren Planak bildutako helburuak lortzeko lanean ari da aurrezki kutxa bizkaitarra gaur egun.

Egungo testuinguruan kokapena egin eta gero, liburu honek berdintasunak ardatz dituen oinarri legislatiboak aztertzen ditu, emakumeek lan-merkatuan bizi duten egoera aztertzen du eta berdintasun planak ezartzen dituzten empresek ekonomiaren, lan-baldintzen eta ospe korporatiboaren ikuspegitik izan ohi dituzten abantailak erakusten ditu.

Ondoren, berdintasunaren aldeko apustua egin nahi duten enpresek jarrai ditzaketen jokabide zehatzak azaltzen ditu. Horretarako, BBK-k urteotan bildu duen eskarmentua hartzen da oinarri, eta horietatik abiatuta enpresek eta erakunde-sozialek beren buruari jarri diezaizkioten erronkak eta jokabideak azaltzen ditu. Horrela, azken urteotan BBK-k esparru honetan garatu dituen jardunbide egokiei buruzko adibide zehatzak ematen dira, erakunde aitzindaria izan baita lan-esparruko harremanetan eta erakundearen barruko giza-harremanetan berdintasunezko jokabideak ezartzerakoan.

Ikerketak azpimarratzen duenez, lan-baldintzetan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko joera nagusitzen ari den arren, emakumeek ez dute behar adinako pisua okupazio-mailan, lehen enplegua lortzerakoan, zuzendaritza mailako postuetan edo diru-sarreretan. Berdintasun maila hori bermatzeko, ikerketak ezinbesteko deritzo enpresetako zuzendaritzen konpromisoa lortzeari. Konpromiso horren funtsa berdintasuna kudeaketa egokirako aukeratzat hartzean datza, eta ez gainditu beharreko oztopo gisa.

Eskuliburuak biltzen duen ondorio nabarmenenetakoa da, berdintasun planak ezarri dituzten enpresa eta erakundeetan hainbat arlotan sumatu direla hobekuntzak. Berdintasuna emaitzak hobetzeko baldintza lagungarria da, krisialdi garaietan batik bat, generoen arteko oreka nagusi den enpresek, eta enplegu kalitate hobea dutenek, lanean huts-egite eta rotazio ratio txikiagoak baitituzte.