BBK Musika Garaikideen Jaialdiak zazpi kontzertu eskainiko ditu urrian zehar

Actualizado: miércoles, 21 septiembre 2011 18:33

BILBO, 21 Sep. (EUROPA PRESS) -

BBK Musika Garaikideen Jaialdiaren 31. edizioa urriaren 3an hasiko da eta, beste behin, musika eta poesia esparru artistiko berrietara eramaten saiatuko da. Hilaren 4, 10, 11, 24 eta 25ean izango dira emanaldiak Bilboko BBK Aretoan, zazpi kontzertu guztira, mundu mailako sei estreinaldirekin.

Antolakuntzak adierazi duenez, urriaren bukaerara arte, egitarau orekatu eta zabala eskainiko du jaialdiak, eta bertan Carlos Ruiz Castro omenduko dute, bere 70. urteurrenean. Carlos Villasolek ere omenaldia jasoko du, lehen ediziotik jaialdiaren laguntzailea izan baita eta 50 urte betetzen baititu.

Aurten, eta aurreko urteetan zabaldutako bideari jarraiki, errepertorio musikala "kontu handiz" zaindu da. Horrela, XX. mendeko lehen erdiko obra handiak eta estreinaldiak tartekatu dira, batzuk mundu mailako estreinaldiak, gainera. Horrela, sei pieza munduan lehen aldiz entzungo dira, non eta Bilbon. Beste sei Estatuan lehen aldiz jotzen diren aldia izango da eta beste sei lehen aldiz joko dira Bilbon.

Webern, Bartok, Shostakovich, Hindemith bezalakoen pieza ezagunez gain, Berio, Papineau-Couture eta Bernaola bezalako historikoen abestiak entzungo dira, beste hainbaten lanetarako oinarri-lanak izan baitira, adibidez Andrea Portera, Manuel Artero, Jose Lopez Montes edo Sergio Blardony bezalako sortzaileentzat. Hauek ere lekua izango dute jaialdian.

Gonbita jaso duten taldeen artean deigarria da Dedalo Esenble, jaialdia zabaltzeko ardura izango duen taldea. Bere errepertorioan klasizismotik abiatu eta musika garaikideraino dagoen aldea entzun daiteke. Berebiziko arreta jartzen diete, halaber, beren garaiko konpositoreei eta beren testuinguruari. Italian egun sortzen den musikaren ikuspegi original eta berritzailea eskainiko du talde honek.

Bigarren jardunaldian, urriaren 4an, LIM (Laboratorio de Interpretación Musical) taldearen txanda izango da. Talde honek, jaialdiko berezko taldea izan ohi denak, "berrestreinaldiak" egiteko ardura izango du, eta bere gain hartuko du Carlos Villasoli omenaldia egitekoa ere, bere "Temblor de Lira" joko baitu.

Trino Zurita taldeak, biolontxeloa eta musika elektronikoa tartekatuz, egungo musikaren gainean duten ikuspegi bitxia eskainiko digu. Urriaren 10ean izango den hitzorduan, Bracic, Custodio edo Zampronha bezalako konpositoreen lanak moldatzen saiatuko dira.

Urriaren 11n, Quiroga Laukoteak, Weber, Bartok, Sollima edo Shotakovichen obrari buruzko ikuspegi berria eskainiko du. Juan Jose Olives buru duen Enigma taldeak Carlos Ruiz de Castro omenduko du, bai eta "XX. Mendeko klasikoak" goiburuaren azpian aintzat har daitezkeen beste hainbat obra ere. ProyectoeLek emango dio merezi duen amaiera jaialdiari, urriaren 25ean, musikazko muntaia eszeniko baten bitartez, poesia eta bideoartea uztartuz.

Kontzertu guztiak BBK Aretoan egingo dira, arratsaldeko 19:30etan. Sarreren prezioa sei eurokoa izango da, eta BBK Txartelen bitartez erosten dutenek %50eko deskontua izango dute (bi sarrera gehienez txartel bakoitzeko).