BBK udalekuak abian dira Urdaibaiko Biosfera Erreserban

Umeak Sukarrietara bidean
BBK
Actualizado: martes, 27 junio 2017 13:31

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

BBK udalekuez gozatuko duten lehenengo neska-mutilak astelehenean joan ziren Sukarrietara, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erdian udako oporraldia bizitzeko. Dibertitzea helmuga dutela, udalekuen lehen txanda astelehenean irten zen Bilboko autobus geltokitik, sei egunez Sukarrietako instalazioez gozatzeko. Udalekuak abuztuaren 12ra arte luzatuko dira seina eguneko zazpi txandatan (sei euskaraz eta bat ele bietan).

BBK-k jakinarazi duenez, naturarekin bizitzen ikasteko, adiskide berriak egiteko eta bizikidetza sustatzeko diseinaturik dauden kirol, hezkuntza eta jolas jardueren programa zabalaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Programaturiko jardueren artean, itsasontzian eta belaontzian ibilaldiak, piraguismoa, lantegiak eta txangoak nabarmentzen dira.

Aurten, guztira, 7-13 urteko 1.400 neska-mutikok parte hartuko dute Bizkaiko umeek lagunekin eta landa ingurunearekin bizitzen ikasteko diseinaturiko jarduera honetan. Aurreko edizioetan bezala, umeen familiek BBK udalekuetako jardueren martxaz informaturik egon daitezke horretarako prestaturiko blogaren bidez, egunero zabalduko baita egindakoaren laburpen bat argazki eta guzti.

BBK Fundazioak bere sorreratik antolatzen dituen gizarte eta kultur ekinbide eta proiektuen artean, BBK udalekuak dira jendearen aldetik gehien ezagutu eta estimatzen den jardueretariko bat. Familia eta lana bateragarri egiteko aukera bat eskaintzeko helburu nagusiarekin 1960ko hamarkadan sortuak, "BBK udalekuak aisialdi hezigarriaren erreferente dira, gizartearen premia berri eta aldaketetara pixkanaka egokitu direnak, haurren heziketarako osagarri bihurtzeraino".