BCC-Eroski sarien seigarren edizioa abian da

Iazko finalistak
BCC-EROSKI
Actualizado: lunes, 22 mayo 2017 12:10

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

BCC-Eroski sariaren seigarren edizioa abiarazi dute Basque Culinary Center (NCC) zentroak eta Eroski kooperatibak. Bertan ekoitzitako elikagaien bidez gauzatutako berrikuntza gastronomikoa aintzatetsi nahi du ekimenak, jasangarritasuna laguntzeko eta elikadura osasungarriaren ardatz modura, bere arduradunek azaldu dutenez.

Aurtengo edizioan osasuna, jasangarritasuna eta sukaldaritzako berrikuntza nabarmendu da bereziki, ekoizleekin ez ezik, espezie, barietate eta zaporeen biodibertsitatea zaintzearekin ere duen gizarte konpromisoaren erakusle. Lehen sariaren irabazleak 6.000 euro eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek 3.000 eta 1.000 euro, hurrenez hurren.

Aurreko urteetan honako sukaldari hauek izan dira irabazleak: Jesus Villarejo (Natural Chef Sukaldaritza Eskola, Ciudad Real), Juan Ramon Sau (Quema jatetxea, Zaragoza), Gonzalo Calzadilla (Mitte jatetxea, Madril). Gainera, sariak finalista izan diren bestelako chefak ere aitortu ditu, hala nola Victor Tronchi (Les Magnolies, Girona), Aurelio Morales (Miramar, Llança, Girona), Roberto Ruiz (Frontón, Tolosa), Pablo Valdearcos (Durango), Federico Guajardo (Denia, Alacant), Iñaki Moya (Gasteiz), Ana Portals (A Coruña), Nicolas Ramirez (Tafalla) eta Ruben Cabrera (Santa Cruz Tenerife). Espainia osoko 450 chef inguruk aurkeztu dituzte errezeta berritzaileak lehiaketaren bost edizioetan.

Sukaldari batek bere jatetxean egiten duen jaki onenarentzat izango da BCC-Eroski saria, betiere jaki horrek, bertako produktuak oinarri hartuta, berrikuntza gastronomikoaren balioa nabarmentzen badu. Proposamenak aurkezteko epea asteartean hasiko da, maiatzaren 23an, eta irailaren 29an amaitu.

Espainian bizi eta jardunean ari diren sukaldari profesional guztiek dute parte hartzeko aukera. Partaide bakoitzak txosten bat ere aurkeztu beharko du lehiaketan, erabili duen bertako produktuaren deskribapena eginda. Horrez gain, fitxa bat, errezeta zehaztuta, eta proposamena platerean dagoela egindako argazki bat ere aurkeztuko dituzte.

HIRU PROPOSAMEN

Parte hartzaile bakoitzak hiru proposamen bidali ahal izango ditu gehienez. Aurkeztutako proposamen guztietatik, epaimahaiak hiru errezeta hautatuko ditu amaierako faserako, eta lehiaketaren webgunean argitaratuko dira horiek. Epaimahaian honako hauek egongo dira: BCCko akademikoak, Eroski Fundazioaren patronoak, jardunean ari diren chefak, gastronomiako aditu independenteak eta nekazaritzako elikagaien sektorearen ordezkariak.

Lehiaketaren amaierako fasea BCCn izango da, Donostian. Finalista gelditzen diren hiru sukaldariek euren errezetak egingo dituzte orduan, jatorrizko inguruneetan ekoitzitako elikagaiak erabiliz, eta epaimahaikideek dastatuko dituzte.

Lehiaketaren oinarriak www.premiobcceroskisaria.es webgunean daude argitaratuta. Webgune horretan bertan argitaratuko dira aurkeztutako proposamen guztietatik hautatutako hiru finalistak.