Bederatzi hildako EAEko errepideetan uztailaren 1etik abuztuaren 31ra

Actualizado: martes, 1 septiembre 2015 11:38

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak amaitutzat jo du udako operazioa eta, guztira, bederatzi hildako izan dira uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan, iazko aldi berean baino bost gehiago.

   Trafiko Zuzendaritzak adierazi du ekainaren amaieran udako operazioa aurkeztu zuenean egindako aurreikuspenak bete egin direla. "Euskadin zirkulatu duten ibilgailuen kopurua handitu egin da eta, zirkulazio dentsitate handia arintzeko ezarritako neurriei esker, ilarak ez dira handiagoak izan", esan du.

   Ibilgailuen irteera eta itzulera datei dagokienez, nazioarteko zirkulazioa esperotakoa izan da eta, horrenbestez, auto ilarak ohiko egunetan eta lekuetan sortu dira eta Gipuzkoak izan ditu arazo gehien.

   Ezbeharrei dagokienez, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, 1.049 zirkulazio istripu gertatu dira, eta horietatik 353tan izan dira biktimak (bederatzi hildako -sei gizon eta hiru emakume-, 59 zauritu larri eta 467 zauritu arin); gainerako 696 istripuetan kalteak materialak izan dira soilik. Iaz, aldi berean, istripu kopurua handiagoa izan zen (1.231) baina biktima gutxiago egon ziren (lau hildako, 43 zauritu larri eta 436 zauritu arin).

   Lurraldeen arabera, Bizkaian izan da zirkulazio arazo gutxien uda honetan. Azken urteetan, Eibar eta Gasteiz arteko AP-1 errepideko zatia ireki zutenetik, Frantziatik datorren ibilbide luzeko zirkulazioa ez da Bizkaitik igarotzen. Auto ilarak Kantabriako mugan sortu dira, Bilbo eta ondoko erkidegoko kostaldearen arteko zirkulazioagatik. Iazko egoerarekin alderatuta, joan-etorrien kopurua handiagoa izan da, seguru aski eguraldia hobea izan delako.

   Ostiral arratsaldeetan sortu dira bereziki auto ilarak Bizkaian, eta nabarmentzekoak uztailaren 24koak izan dira, 14 kilometro arteko ilarak sortu baitziren. Guztira, 373 istripu gertatu dira (horietatik 152tan biktimak egon ziren), baina ez da egon hildakorik. Iaz, ordea, 420 istripu gertatu ziren (158tan biktimak egon ziren) eta hiru lagun zendu ziren.

   Bestalde, Araban, irteera operazioko arazo nagusiak Gasteiz parean sortu ziren, AP-1 autopistaren eta N-622 errepidearen eta A-1 autobiaren arteko lotuneetan. Abuztuko lehen asteburuan auto ilarak sortu ziren; Etxabarriko ordainlekuan sei kilometro hartzera iritsi ziren, abuztuaren 1ean. Asteburu berean, ia zortzi kilometroko auto ilarak sortu ziren A-1 autobidetik AP-1 autobideko Armiñoneko ordainlekurako sarbidean, Madrilerako norabidean.

   Itzulera fasean, arazoak A-1 autobidearen eta N-622 errepidearen arteko lotunean sortu ohi dira, Gasteiz parean, Irunerako eta Bilborako norabideetan. Zirkulazio-dentsitatea handia izan da, abuztuko azken astean batez ere, eta bost kilometro arteko auto ilarak sortu ziren egunero, abuztuaren 27an izan ezik, 14 kilometro artekoak izan baitziren.

   Aurtengo udan 191 zirkulazio istripu gertatu dira guztira Araban (45en biktimak egon dira eta horietako bat hil egin da). 2014ko udan, 232 istripu gertatu ziren (49tan biktimak egon ziren, baina ez zen hildakorik izan).

GIPUZKOA

   Gipuzkoari dagokionez, 2009. urtean AP-1 autobideko Eibar eta Gasteiz arteko zatia ireki zenetik, Euskadi zeharkatzen duten ibilgailu gehienek ibilbide hori erabiltzen dute, N-1 eta AP-68 errepideak hautatu ordez, eta arazo gehienak AP-8 autobideko Irungo ordainlekuan gertatu dira, Kantabriarako norabidean, Frantziatik iritsitako autoengatik.

   Abuztuko lehen asteburuan auto ilarak sortu ziren. AP-8 eta AP-1 autobideen arteko Eibarko lotunean ere auto ilarak sortu ziren, goizaldean Eskoriatzan, Madrilerako norabidean, gertatutako istripu batengatik. Errepidea itxita egon zen goizeko 07:00ak arte. Bestalde, Itziarko gasolindegia beteta egon zen une batzuetan ibilgailuen kopuru handiarengatik.

   Oporretako itzuleraren kasuan, auto ilarak abuztuko bigarren hamabostaldian sortu dira, eta egunik okerrena abuztuaren 27a izan zen, auto ilarak 12 kilometro artekoak ere izan baitziren. Ezbehar kopuruari dagokionez, Gipuzkoan 485 istripu gertatu dira (156tan biktimak egon dira eta horietako zortzi hil egin dira). Iazko udan, 579 istripu gertatu ziren (154tan biktimak egon ziren, eta bat hil egin zen).

   "Zoritxarrez, aurtengo udan hildako biktimen kopurua iazkoa baino handiagoa izan da; hala ere, behin baino gehiagotan esan dugu, 2014. urtea berezia izan zela. Dena den, azken 15 urteetan Euskadin gertatutako zirkulazio istripuetako hildakoen kopurua gero eta txikiagoa izan da. 2005ean 22 lagun zendu ziren, eta 2000. urtean, 36", azaldu du Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak.

   Halako zifrekin hobetzeko marjina "gero eta txikiagoa" dela gogorarazi du, baina hildakoen kopurua txikitzeko lanean jarraituko dutela ziurtatu du.

   "Hildakoak eragin dituzten ezbeharren kausak aztertzean, datu esanguratsu bat aurkitu dugu: zendutakoen %20k segurtasun uhala jantzi gabe zeukan. Alderdi hori gainditutzat jotzen genuen, baina berriz abiarazi beharko ditugu kontzientziazio kanpainak, denok erne egon gaitezen. Segurtasun uhalak bizitzak salbatzen ditu. Ezin dugu ahaztu", esan du.