Begoñako igogailua Bilboko Udalaren esku uzteko sinatutako akordioarekin bat egin du EH Bilduk

Publicado: viernes, 29 agosto 2014 17:01

BILBAO, 29 Ago. (EUROPA PRESS) -

EH Bilduk bat egin du Begoñako igogailua Bizkaiko hiriburuko Udalaren esku uzteko sinatutako akordioarekin, partidu politikoak ostiralean komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, eta auzoetako eta auzokideen beharrak behar den bezala jasotzea dela bidea azpimarratu du EH Bilduko zinegotzia Bilboko Udalan Helena Gartziak.

Ostiral goizeko agerraldian Asier Abaunza Garraio zinegotziak Begoñako Igogailuaren inguruan Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren berri eman du. Aipatutako akordioaren arabera, igogailua, hainbat gestioen ondoren, Udalaren eskura pasatuko da eta doakoa izango da. Prozedura hau dirauen bitartean Metro Bilborekin adostu bezala, Begoñako igogailuaren bezeroek Metroko igogailua Begoñakoaren salneurri berean erabili ahal izateko txartel berezia martxan jarriko dute.

Helena Gartzia zinegotziak akordioarekiko EH Bilduren babesa eta poza adierazi du. Honetaz gain, zinegotziak azaldu du EH Bildu adi egongo dela akordioa betetzen dela ziurtatzeko. "Pozik gaude igogailua mantentzearen alde auzokideek egindako eskaerak aintzat hartu direlako. Izan ere, igogailua ezinbesteko zerbitzu publikoa da Begoña edota Zurbaran auzoetarako", adierazi du zinegotziak.

Ezkerreko zinegotzi soberanistaren ustez "15 egun eskasetan jasotako sinadura kopuru handiak, 2.784, azken erabakiarekin zerikusia izan du, zeinaren arabera denon onurarako erabakia izan da". "Horregatik, Begoña eta inguruetako auzokideak zoriondu nahi ditugu igogailuaren etorkizuna defendatzen jakin dutelako", adierazi du ostiralean Gartziak.

Zinegotziak azpimarratu du "eredugarria den bidea dela hau, alegia, auzoetako eta auzokideen beharrak behar den bezala jasotzea, bertan bizi baita Bilboko biztanleriaren gehiengoa".

Azkenik, EH Bilduk igogailuko langileen etorkizunaren aldeko kexa luzatu du eta, honen harira, Artxandako Funikularreko langileen artean txertatzeko aukera azter dadin adierazi du.