Berdintasunerako Gunearen autobusa Eusko Legebiltzarrera heldu da

Agintariak Emakunderen autobusean
Foto: IREKIA
Actualizado: martes, 27 octubre 2015 14:10

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

   Emakundek Eusko Legebiltzarrarera eraman du astearte honetan Berdintasunerako Gunearen autobusa, eta bertan izango da egun osoan zehar. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Legebiltzarreko Mahaiko kideek 10:00etan bisitatu dute, eta ondoren ikastxetxeetako ikasleak pasa dira.

   Eguneko egitaraua osatzeko, 19:00etan, Amelia Barquin adituak gazteei eta berdintasunari buruzko hitzaldia eskainiko du Eusko Legebiltzarrean bertan. Hitzaldia irekita dago gazteen hezkuntzari buruz interesa duten guztientzat, Emakundek jakinarazi duenez.

   Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako Gunea. Hainbat erakundek eta elkartek emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004an Berdintasunerako Gunea. Azken edizioetan ardatz edo gai nagusi bat du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan behar dute.

   Aurtengo goiburua "Gizartea aurrera doa berdintasunerantz, ez dezagun atzera egin" da, eta gogorarazi nahi da azken hamarkadetan gizarteak aurrera egin duela berdintasunerantz, eta, aldi berean ohartarazi atzera egitearen arriskua egon badagoela. Honekin batera, Pekingo Adierazpen eta Akzio Plataformaren 20. urteurrena gogoratzen du, bai eta EAEko Berdintasunerako Legearen 10. urteurrena. Lehenengoa emakumeen eskubideen lanean mugarri bat izan zen, 1995ean Emakumeen Mundu Konferentzian onartu zenez geroztik, eta bigarrenaren onartzeak ere iragana eta oraina bereizi zituen alderdi askori dagokionez.

   Gai hau ardatz hartuta, 124 entitate ezberdinek 144 ekintza antolatu dituzte Euskadiko herri eta hiriburu ezberdinetan urriaren 5etik abenduaren 18ra bitartean. Antolatzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak eta sindikatuak daude, besteak beste, eta antolatu diren ekintzak era askotakoak dira: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai inguruak, tertuliak eta abar.

   Aurten ere, iazko esperientzia ona ikusita, autobus ibiltari bat erabiltzen ari da gunearen egoitza ibiltari moduan. Entitate ezberdinen ekintzak programatuta ez dauden orduetan, autobusa eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izaten ari da. Espezializatutako bi monitore daude autobusean eta une oro gidatzen dute bisitarien egonaldia.